EAEko hezkuntza publikoan inbertsioa handitzeko eta baldintzak hobetzeko azken hilabeteotan egiten ari diren mobilizazioen artean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin bildu dira sindikatuak, eta proposamen berria luzatu die administrazioak. Hona sindikatuen balorazioa:
LAB: “Jarrera aldaketa nabaritzen da administrazioan”
LAB sindikatuaren arabera, sei hilabeteko borrokaren ostean jarrera aldaketa eta borondatea erakutsi du administrazioak, eta “aukerak ikusten ditugu urratsak ematen jarraitzeko”. Nahiz eta sektorekako mahai guztiak pasa arte ez duten balorazio sakonik egingo, irakasleen mahai-sektorialari dagokionez administrazioak mahai gainean eduki interesgarriak jarri dituela azpimarratu dute, “hezkuntza sistemarentzat onuragarriak”. “Adibidez, 60 urtetik gorakoentzat eskola-orduen murrizketa; ordezkapenak lehen egunetik Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan [aurreko bileran jada bazegoen proposamen hau] eta ordezkapenak hirugarren egunetik aurrera DBH eta Batxilergoan; edota ratioei lotuta, tutoretza bikoitzak aplikatzea ratioaren arabera (bi irakasle jartzea, alegia)”. Fintzen eta lantzen jarraitu beharreko puntuak direla dio LABek, baina abiapuntu ere badirela. “Halere, elementu batzuk faltan bota ditugu eta negoziatzen segitzeko beharra ikusten dugu. Kontrastea egin nahi dugu orain langileekin, euren iritzia entzun”.
STEILAS: “Proposamen zehaztu gabea eta eskasa da, ez ditu gai garrantzitsuak aipatzen”
Kritikoago mintzatu da STEILAS: “Mobilizazioak bertan behera uzteko jarri dugun lehenengo baldintza da hezkuntza publikoan inbertsioa nabarmen igotzea. Eta administrazioak luzatu digun proposamenak ez du inondik inora hori jasotzen. Izan ere, zehaztu gabea eta eskasa da, eta ez ditu gai garrantzitsuak aipatzen: ratio jaitsiera, baliabide gehigarriak, bajak zigortzea eta eros-ahalmena berreskuratzea, besteak beste”. Hala, “egoera aldatzen ez den bitartean, urtarriletik ekainera mobilizazio eta greba dinamikarekin jarraitu besterik ez dugu”.
ELA: “Proposamen berririk ezean, mobilizazioak indartzea beste biderik ez digu utziko”
ELAk ere oso ezkor hartu du Jaurlaritzaren proposamena: plantillak handitzeko proposamenik ez dietela egin nabarmendu du, eta 7.900 lanpostutik gora egonkortu gabe jarraitzen dutela. “Enpleguari dagokionez, aurrekoan egindako proposamen berbera mantendu du”, eta aurreikuspen horiekin, “behin-behinekotasun tasa %30,5ean utziko luke legealdiaren amaieran”. Sindikatuek eskatzen dutenetik oso urruti, behin-behineko lanpostuak %6ra jaistea eskatzen baitute. 60 urtetik gorakoei eskola-orduak murrizteaz dio jadanik Lan Hitzarmenean jasota dagoena berreskuratzea baino ez dela, eta DBHn eta Batxilergoan hirugarren egunetik aurrera ez, lehenengo egunetik nahi dituztela ordezkapenak. Beste aldarrikapen batzuk alde batera utzi ditu administrazioak, ELAren hitzetan. “Inola ere ez da nahikoa Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen proposamena. Beraz, proposamen berririk izan ezean, urtarriletik aurrera greba eta mobilizazioak indartzea beste biderik ez digu utziko”.