argia.eus
INPRIMATU
Zer egingo du Nuclenorrek Garoñarekin?
  • Garoñaren jabe den Nuclenor enpresako bi bazkideek, Endesak eta Iberdrolak, zentral nuklearraren etorkizunaz hitz egiteko bildu dira asteazken arratsaldean. Goizean, Endesako presidente Borja Pradok akziodunen aurrean adierazi du –noiz eta Txernobyleko istripuaren 31. urteurrenean– enpresak ez duela erabakirik hartu oraindik, eta ez diola Garoña berriro irekitzeari uko egiten oraingoz.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko apirilaren 26a
Endesako presidenteak, Borja Pradok, ez du oraindik baztertu Garoña berriz irekitzea (Arg.: Habana22-CC By SA)

Greenpeacen galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenok Pradok. Gogoan izan behar da Iberdrolak, Nuclenorren beste erdiaren jabeak, Garoña berriro martxan ez ipintzeko borondatea adierazi duela dagoeneko. Ez dago argi bazkide biek asteazkeneko bileran behin betiko akordiorik lortuko ote duten. Endesak, bere aldetik, esan du Espainiako Gobernuak zentralaren geroaz erabakitzeko irekitako sei hilabeteko epea amaitu arte –abuztuan gertatuko da hori– itxaron nahi duela.

Industriak klima aldaketa darabil energia nuklearra defendatzeko argudiotzat

Bestalde, nuklearraren sektoreko industriak biltzen dituen Foro Nuklearreko presidente berria, Ignacio Araluce, energia mota horren alde mintzatu zen apirilaren 24an Diputatuen Kongresuan egindako ekitaldi batean. Araluceren esanetan, “gustatu ala ez gustatu” zentral nuklearrek mix energetikoaren parte izaten jarraitu beharko dute aldi batean behintzat, edo oso zaila izango da Espainiak klima aldaketari buruzko Parisko Hitzarmenean hartuta dituen konpromisoak betetzea, ez bailegoke modurik nuklearrek sortutako energia iturri berriztagarriez ordezkatzeko epe laburrean.