argia.eus
INPRIMATU
Zer egin dezakegu Internet berriro guztiona izan dadin?
  • Marta G. Francok, Las redes son nuestras (Sareak gureak dira) liburuaren egileak, Internet deszentralizatua berreskuratzearen garrantziaz hitz egingo du urriaren 17an Donostiako San Telmo museoan egingo den Euskarabildua jardunaldian.

iametza 2024ko urriaren 09a

Gaur egun ezagutzen ditugun teknologia digitalak eragile anitzen arteko lankidetzari esker ezagutzen ditugu: finantzaketa publikoa, komunitate zientifikoa, hackerrak, oinarrizko gizarte-mugimenduak, mundu osoko milioika langile...

Internet sare neutral bat bezala diseinatu zen, deszentralizatua. Baina bere bilakaerak egungo egoerara ekarri gaitu, non enpresa handi gutxi batzuek sare demokratikoaren izaera bera arriskuan jartzen duten. Hori konpondu nahi badugu, berriz ere, erakunde publikoen, enpresa arduradunen eta gizarte zibil antolatuaren arteko lankidetzara jotzea baino ez zaigu geratzen. Kontakizun hau mamitzen du Marta G. Francok ‘Las redes son nuestras’ (‘sareak gureak dira’) liburuan. Aurtengo Euskarabilduan gai honi buruzko xehetasunak kontatuko dizkigu.

Marta G. Francok hainbat hackmeeting eta hacklabs-etan parte hartu du okupatutako gizarte-zentroetan, eta Lorea/N-1 izeneko sare sozial libreko saiakera bateko kide ere izan da. M15a bizi izan zuen. Diagonal egunkariko  teknologia saila koordinatu zuen eta Medialab-Prado kultura digitaleko zentroan bitartekari izan zen. Madrilgo Udaleko komunikazio politikoko eta sare sozialetako arduraduna izan zen. Internet  bizitzeko leku izan dadin saiatzen da,  gizarte-erakundeekin lan eginez, ia beti Laintersección ikerketa eta estrategia digitaleko kolektiboarekin. Adimen artifizialari giza eskubideen ikuspegitik begiratzen dion Algorights komunitateko kide ere bada.

Zer da Euskarabildua?
Euskara eta teknologia elkartzea helburua duen jardunaldi dibulgatzailea da, gizartean eragin nahi duen ekimen berritzaileentzako hausnarketarako eta zabalkunderako gunea, euskal gizartean eta euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako aukera ematen duena.

Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak elkarlanean antolatzen dituzte 2012az geroztik jardunaldiok. Aurten urriaren 17an egingo da San Telmo museoan goizeko 09:00etatik hasita.