Desokupa enpresak datorren astean Bilbon desalojo bat egingo duela iragarri ostean, hainbat herri mugimenduk ultrei aurre egiteko gomendioak zabaldu dituzte.
Eskuin muturrarekin lotura duen eta “legez kanpo okupatuta dauden etxebizitzen etxegabetzeaz” arduratzen den enpresa da Desokupa. Bortxaz eta legearen mugetan jarduten direla salatu zuen Abadiñoko Gazte Asanbladak, apirilaren 18an Abadiñon gauzatutako hustearen ostean.
Duela gutxi Bilbon ere esku hartuko dutela jakinarazi zuen enpresako buru Daniel Estevek eta hainbat herri mugimendu eta auzokidek alerta antifaxistara deitu dute. Desokupa enpresari aurre egiteko autodefentsarako gida bat kaleratu dute: Zer egin nazi-morroiak zu eta lagunak indarrez ateratzeko asmoarekin etxean agertzen badira? Ondorengo zazpi puntutan jaso dituzte gomendioak:
1. Aurrea hartu. Hitz egin auzokide eta lagunekin eta kidetasun taldeak sortu, elkar nola zaindu pentsatzeko.
2. Ez ireki: Ez ireki atea eta ez sintesi ezer ez. Enpresa pribatua da eta ez daukate agiri legalik etxeetan sartzeko.
3. Ez hitz egin haiekin inola ere ez. Iruzurtiak dira. Zugan zalantza sortzen saiatuko dira. Gogoratu esaten duten guztia zure kontra erabiliko dutela.
4. Haiekin hitz egin behar baduzue, ondorengoa soilik esateko izan dadila: “Ezin zarete sartu, Poliziari deitu diot, nire abokatua bidean da, ezin zarete sartu". Oldartzen badira, behin eta berriz errepikatu, baina haiekin hitz egin gabe.
5.Grabatu. Eskatu lagunei eta auzokideei kanpotik grabatzeko. Argi gera dadila grabazioetan, ez dutela etxera sartzeko baimenik.
6. Zabaldu. Erabili eskura dituzun tresna guztiak ezagunek eta lagunek zer gertatzen ari den jakin dezaten eta bertara hurbil daitezen. Ez zaude bakarrik.
7. Deitu. Deitu Poliziari, jasota gera dadila inolako agindu legalik gabe etxetik kanporatzeko indarkeria erabiltzen ari direla. Ertzaintza eta udaltzainak egon daitezela Erkoreka Segurtasun Sailburuak dioen moduan, "Euskal Polizia naziekin elkarlanean ez dabilela" ziurtatzeko.
Alerta, Alerta Antifaxista ! #Bilbao
Nazi-faxista ezagun batzuek datorren astean Bilbora etorriko direla helarazi zutenez, Herri Antifaxista auto-antolatu da eta autodefentsarako aholku batzuk argitaratu ditu. https://t.co/3GnLO9epYg
— Sare Antifaxista (@Antifaxismoa) May 7, 2021