Agiria kaleratu du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, Euskal Herriko Foro Sozialaren gomendioei jarraiki. Sortuk, EAJk eta PSEk begi onez ikusi dute, PPk nabarmendu du presoei ez diela "deus zor". Urkullu lehendakariak adierazi du "aurrerapauso esanguratsua" dela, eta Rajoyrekin biltzeko asmoa duela.
Urkulluk adierazi du "aldaketa garrantzitsua" dela kolektiboak egin duena, eta ondorio praktikoak ezagutzeko beharra adierazi du. Lehendakariak uste du presoak banaka hartuko dituztela erabakiak.
Bederatzi puntuz osatutako oharra plazaratu du EPPK, konpromisoak hartuz eta Estatuei pausoak eskatuz. Besteak beste, gatazkaren jatorri politikoa aitortzea; “normalizazio politikoa”; “konponbide integrala”; eta salbuespen legeak bertan behera uzteko galdegin die Frantzia eta Espainiari.
Era berean “eszenatoki berriarekiko konpromisoa” adierazi, eta kolektiboko kideen jarduera politikoak gatazkan izandako “erantzukizun osoa” onartu du. Hala, presoen etxeratzea lege-baliabideak erabiliz gauzatzea aintzat hartuko duela jakinarazi du kolektiboak. (Irakurri agiria osorik, pdf.)
Alderdien balorazioak
Sortuk uste du presoen balorazioak bat egiten duela "gatazkaren konponbiderako Euskal Herrian zein nazioartean egiten ari diren ahaleginekin". Konponbide prozesuan, “lehen mailako ekarpena" egiten duela azpimarratu dute.
EAJk "urrats gehiago" eskatu dizkio EPPKri, baina ontzat eman du dokumentuaren edukia. “Errealismo ariketa” dela esan du Egibarrek balorazio prentsaurrekoan.
PSEk "aurrerapauso garrantzitsua" dela esan du. Idoia Mendiak jakinarazi du alderdiaren balorazioa. Orain, arreta "ekintzetan" paratu behar dela uste du Mendiak. "Adierazpena nola gauzatzen den eta presoek zein urrats jarraitzen dituzten" jakin arte itxarotea besterik ez dagoela deritzo.
PPren izenean, Iñaki Oiarzabalek hartu du hitza bart. Testuari balio gutxi eman eta presoei gizarteak ez diela "deus zor" azpimarratu du. Haren hitzetan, Gobernuaren “irmotasunak” eraman du ETA zuzenbide estatuaren aurrean “makurtzera”.