argia.eus
INPRIMATU
Zer dago txertaketa motelaren atzean?
  • Espainiako Gobernuaren azken datuen arabera, EAE eta Nafarroa dira Espainiako Estatuan jaso dituzten txerto dosietatik portzentaje txikiena jarri dutenak: Osakidetzak jasotako %53 zituen jarriak urtarrilaren 17an, eta Nafarroak %65 zituen jarriak egun horretan. Estrategiei buruzko eztabaida piztu da Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean, Pfizerrek urtarrilaren 15ean Espainiako Gobernuari dosien %44 bidaliko zizkiola iragarri ostean. Baina EAE da Pfizer dosietan aste honetan murrizketa txikienetakoa jasan duen erkidegoa, orain artean bigarren txertaketarako "jasotzen" egon omen den arren. Bitartean, klinika pribatuak txertaketa kanpaina "garaiz" egin dadin bere burua eskaintzen ari dira.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko urtarrilaren 19a

Espainiako Osasun sailak astelehenero berritzen ditu estatuan burutzen ari diren txertaketa kanpainaren datuak. Urtarrilaren 18an plazaratutako datuek hau erakusten dute (webgune honetan, "datu irekien excell taula"-n sakatu behar da ikusteko):

EAE eta Nafarroa dira taulan azkenak. EAEk guztira 48.605 dosi zituen jasoak urtarrilaren 17an (Pfizerren 47.205 eta Modernaren 1.400 dosi) eta horietatik 25.526 zituen jarriak, jaso dituen dosien %53.

Nafarroak guztira 18.200 dosi zituen jasoak urtarrilaren 17an (Pfizerren 17.700 eta Modernaren 500) eta horietatik 11.834 zituen jarriak, jaso dituen dosien %65.

Espainiako Estatuan txerto gehien jarri dutenak Kanariar Uharteak eta Valentzia dira, jaso dituzten dosien %99 jarrita. Galizia (%98) eta Asturias (%97) ere txertoa jartzen azkarrenak izan direnak dira.

Erdiak gordetzea bada estrategia...

Urkullu lehendakariak estrategia moduan aurkeztu du EAEn geldoago txertatzeko erritmoa: bigarren txertaketa segurtatzeko gorde dituela dosi erdiak. Espainiako Gobernuaren datuen arabera (ikus aurreko excell taula bera, azken zutabean), horretan ere beste erkidegoak baino motelagoa litzateke Jaurlaritzaren estrategia:

Urtarrilaren 17an EAEn eta Nafarroan 0 pertsonak zuten txertoaren pauta osatua, hau da, bi dosiak hartuta. Egun horretarako, Andaluziak (zeinak dosien %70 dituen jarrita) 533 pertsonari jarriak zizkion bi txertoak. Balear Uharteek (dosien %79 jarriak dituztenek) 155 pertsona zituzten osoki txertatuta. Kataluniak (dosien %98 jarrita dituenak) 167, Gaztela eta Leonek (dosien %85 jarrita dituenak) 124...

Pfizerren txerto dosi gutxiago iritsi dira eta EAEk izan ditu murrizketa gutxienetakoak

Pfizerrek ostiralean iragarri zuen ezingo ziola ekoizpenari eutsi, mundu osorako dosi gehiago egiteko aldaketak egin behar dituelako enpresan. Espainiako Estatuari %44 dosi gutxiago bidaliko zizkiola aurreratu zuen. Horren aurrean, Espainiako Gobernuak berriz erabaki ditu autonomia erkidego bakoitzari bidaliko zizkion dosi kopuruak, eta Salvador Illa Osasun sailburuak emandako azalpenen arabera, "irizpide berdinzaleak" izan dituzte helburu, baita txertaketa kanpainaren lehen astean erkidego bakoitzak izandako txertaketa erritmoa ere, lehen aste horretan txertoa hartu zuten herritarrei bigarren dosia jartzeko adina izan dezan autonomia erkidego bakoitzak, urtarrilaren 18an betetzen baitziren 21 egun lehen txertatutakoentzat.

Illak azaldu duenez, urtarrilaren 25eko astean jasoko ditu Pfizerrengandik bai aste horretarako aurreikusitako dosien %100a eta baita aste honetan jaso ez dituen %44ak ere. Aurreikuspen hau beteko balitz, lehen astean txertoa jarri zutenei bigarrena jartzea litzateke estali beharreko zuloa, hurrengo asteetan txertatu zirenei bigarren txertoa jartzeko ez legoke arazorik.

Aste honetako murrizketaren ondorioz, EAEk espero zituen Pfizer dosien %56 jaso ditu urtarrilaren 18an (%44ko murrizketa), 8.736 dosi hain justu, EITBren arabera (8.775 dosi redacción médica hedabidearen arabera). Iñigo Urkulluk adierazi du "onartezina" dela Espainiako Gobernuak "txertoak gorde ez dituzten erkidegoei bigarren dosia bermatzeko" hartutako erabakia, hori "bidegabea" delako Euskal Autonomia Erkidegoarentzat. Baina redacción médica hedabideak eman dituen datuen arabera, EAE da murrizketa gutxienetakoa jasan duen erkidegoa: Baleareak (%66), Extremadura (%63) eta Galizia (%57) soilik dira EAEren gainetik daudenak dosien aste honetako banaketan eta EAEk baino murrizketa handiagoa jasan duten erkidegoek EAEk baino dosien ehuneko handiagoa dute jarria:

- EAEk Pfizerren asteko honetako dosien %56 jaso du eta orain artean txertaketa kanpainan dosien %53 du jarria.

- Nafarroak Pfizerren asteko honetako dosien %50 jaso du (kanpainan dosien %65 du jarria).

- Valentziak Pfizerren asteko honetako dosien %54 jaso du (kanpainan dosien %99 du jarria). Murtziak ere %54 jaso du (kanpainan dosien %86 du jarria).

- Andaluziak Pfizerren asteko honetako dosien %49 jaso du (kanpainan dosien %70 du jarria).

- Aragoi, Gaztela, Katalunia, Kantabria eta Madridek dosien %50 jaso dute eta denek dute EAEk baino dosien ehuneko handiagoa jarria orain arteko txertaketa kanpainan.

Klinika pribatuak beren burua eskaintzen hasi dira

Redaccion medica hedabideak urtarrilaren 18an zabaldu duenez, klinika pribatuak hasi dira beren burua eskaintzen txertaketa kanpaina garaiz egin dadin: “Zerbitzu publikoak ez badira beren kasa epeak betetzeko gai, osasungintza pribatura jo beharko da, ez baita ahaztu behar garrantzitsuena txertaketa epeak betetzea dela eta ez daitezela txertoak geldi eta jarri gabe geratu".