argia.eus
INPRIMATU
Zer dago ibaiaren beste ertzean? Industriak Urumean izandako inpaktua aztertuko dute
  • Ibaiaren inguruan dagoen industria ondarea eta paisaiari buruzko programa antolatu du Cristina-Enea fundazioak HidroLogikak proiektuaren bidez.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 09a

Bereizi ezin diren “txanpon beraren bi aurpegiak” ulertu behar direla dio Eneko Calvo HidroLogikak proiektuaren koordinatzaileak: alde batean dago Urumeak natur elementu gisa balio duena, eta bestean alor kulturala, bere hitzetan. Eta azken horren barruan koka dezakegu gizakiaren etengabeko esku-hartzearen ondorioz sorturiko industria ondare “aberatsa”.

Cristina-Enea fundazioak antolatu ohi duen HidroLogikak, Urumeako ondare industrialaren inguruko programa osatu du aurten, eta abuztuaren 31 bitarte, irteerak eta bisitak egingo dituzte ibaiak biltzen dituen altxor ezberdinak ezagutu eta bere natur baliabideen ustiaketak sorturiko inpaktuaz ere kontziente izateko.

Ondare hori “gizaki bezala izan dugun garapen historikoari buruz mintzo da”, dio Calvok. Horren inguruan herritarraren jakin mina pizteko jarduerak antolatu dituzte, hala nola paisaia industrialari buruzko hitzaldiak, edo haurrentzako ekitaldiak eta musika emanaldiak.

1860an eraitsi zituzten Donostiako harresiak eta geroztik Urumearen estuarioak urbanizatuz joan da gizakia, hezeguneak lehortu ditugu eta auzo berriak sortu. Txema Hernandez Cristina-Enea fundazioko zuzendariaren esanetan, jendearen parte-hartzearen bidez bai eta hausnarketak eta erreakzioak sortuz, horren guztiaren oroimena berreskuratu nahi dute, beti ere kontuan edukita ibaiaren ingurumena eta natur aberastasuna “elementu bateratzaile” izan direla.

Programa San Telmo museoarekin elkarlanean osatu dute eta industriari loturiko museoaren aretora bisita gidatuak egiteko aukera izango da besteak beste.