argia.eus
INPRIMATU
Zer dago Hego Euskal Herriko langabezia beherakadaren atzean?
  • Maiatzean 3.566 langabe gutxiago zeuden apirilarekin konparatuta Hego Euskal Herrian, eta iazko urtetik %7,5 egin du behera langabeziak. Nafarroan nabaritu da gehien beherakada, baina gainerako lurraldeetan ere nabarmena izan da. Sindikatuek orokorrean zuhurtziaz hartu dituzte datuok, esanez, langileen pobretzea eta lan-baldintzen kaskartzea dagoela atzean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko ekainaren 02a
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuarentzat "berri onak" dira lan-merkatuak maiatzean utzitako datuak (argazkia: Irekia)

Azken aldiko daturik onenak utzi ditu lan merkatuak: 3.566 lagun gutxiago zeuden langabeziaren ilaran maiatzean. Nafarroan 1.364 gutxiago, Bizkaian 1.287, Gipuzkoan 629 eta Araban 286 gutxiago. Puntu portzentualetan ere Nafarroan nabaritu da gehien beherakada, apiriletik %4 egin baitu behera langabeziak, eta EAEn %2.

Urte osoari begiratuta, datuak adierazgarriak dira: joan den maiatzetik %7,5 langabetu gutxiago dago Hego Euskal Herrian, 15.764 langabetu gutxiago alegia. Egun 145.414 langabe daude. Gainera, kotizatzaile kopuruak gora egin du eta Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera Hego Euskal Herriko 7.163 petsona gehiago zeuden Gziarte Segurantzara afiliatuta iragan hilabetean.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuaren esanetan "berri onak" dira. Testuingurua ere gogorarazi du Mendiak, pandemia eta Ukrainako gerra tarteko: "Enpresak eta langileak zailtasun guztiak gainditzen ari gara". María Chivite Nafarroako lehendakariak azken lan-erreformari keinu eginez adierazi duenez "garbi geratzen da Espainiako eta Nafarroako gobernuak hartzen ari diren neurriak bere fruituak ematen ari direla".

Zer dago atzean? Prekarietatea, ezegonkortasuna eta soldata baxuak

Sindikatuak ez dira hain kontent. Onartu arren datuak baikorrak direla, Europar Batasuneko beste herrialdeetako egoerara iristeko oraindik "ibilbide luzea" geratzen dela adierazi du Mitxel Lakuntzak.

"Esan dezakegu aldizkako kontratu finkoak ugaltzeko joera nagusitzen ari dela, ezegonkortasun forma berriak legez estaltzeko aukerari bide emanez"
LAB sindikatua

Atzean langilearen pobretzea dagoela dio ELA sindikatuko idazkari nagusiak; EiTBk jaso ditu bere hitzak: "Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan daude, asko soldata baxuekin, laneko segurtasun faltarekin eta beste hainbeste behin-behineko kontratuekin, lan-erreformaren ondoren aldizkako langile finkoen izenaren atzean ezkutatu nahi dituztenak".

ELAk beste datu batzuk eman ditu administrazio publikoak langabeziaz emandako "berri onekin" kontraste handia egiten dutenak: maiatzean sinatutako lau kontratutik hiruk behin behinekoa izaten jarraitzen du. Gainera aldizkako kontratu finkoek oso gorantz egin dutela dio eta horrekin "errealitatea makillatzen" ari direla: "Aldizkako langile finkoen hobekuntzak hutsalak dira aldi baterako kontratuen aldean".

Aldizkako kontratu finko horietan jarri du arreta LABek ere, azpimarratuz jadanik kontratu mugagabeen %36,2 suposatzen dutela eta lautik bakarra dagoela jardunaldi osoan: "Esan dezakegu aldizkako kontratu finkoak ugaltzeko joera nagusitzen ari dela, ezegonkortasun forma berriak legez estaltzeko aukerari bide emanez".

LABen esanetan, langabeziak behera egin du hain justu lan-baldintza prekarioak nagusitzen diren sektore eta kolektiboetan, batez ere gazteen eta emakumeen artean.

Arantxa Niño UGT-Euskadiko Enplegu eta Formakuntza idazkariak, bere aldetik, Lanbideko beste datu batekin azaldu nahi izan du "berri on" horien atzean dagoena: emakumeen artean sinatzen diren kontratuen erdia lanaldi partzialerako dira, "ia beti borondaterik gabekoa, eta lan-prekarietate handiagoa islatzen duena emakumeen artean".