argia.eus
INPRIMATU
Zer da Venezuelan deitu duten asanblada konstituziogilea eta nola bozkatuko dute?
  • Nicolas Madurok Venezuelako Asanblada Konstituziogilerako deia egin du herrialdea astintzen ari diren oposizioaren protesta bortitzak baretzeko. Oraindik ez dago zehaztuta noiz eta nola egingo den bozketa, hori Hauteskunde Kontseilu Nazionalak zehaztu behar baitu.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 04a
Nicolas Maduro prozesu konstituziogilearen eskaera ematen Hauteskunde Kontseilu Nazionalari. (Arg.: Telesur)

Asanblada 500 konstituziogilek osatuko dute, eta denak boto bidez aukeratuko dituzte. Telesurren arabera, 500 horien erdiak kandidatuen zerrenda arruntetan izango dute jatorria, eta beste erdiak, berriz, hainbat sektoretan egindako zerrendetatik hautatuko dituzte; sektore horiek izango dira ekoizpena, enpresaritza, nekazaritza, lana eta hezkuntza, besteren artean.

Oposizioa eta bere aldeko medio ugari, berriz, zabaltzen ari dira hautagaien erdiak komunek osatutako antolaketa sozialetatik hautatuko dituztela. Komunen sistema herri-antolaketaz osatutako egitura da, Hugo Chavezek berak jarri zituen martxan gizarte egitura herrikoiak sortzeko. Horietan parte-hartzea mundu guztiari irekita dagoen arren, oro har gizarteko sektore ezkertiarrak izan dira horietan antolatu direnak, oposizioak uko egin izan baitio horietan parte hartzeari.

Dena den, Hauteskunde Kontseilu Nazionalak datozen egunetan emango du jakitera bozketa sistema definitiboa.

Bestalde, Madurok asanblada konstituziogilean jorratzeko bederatzi gai proposatu ditu:

- Bakea lortzea.

- Venezuelako sistema ekonomikoa hedatu eta hobetzea (Historikoki petrolioaren ustiaketatik bizi izan den herrialdea da Venezuela).

- Orain arte martxan jarritako programa sozialak konstituzioan txertatzea.

- Justizia eta segurtasun eraginkorragoak sortzea.

- Komunen antolaketa soziala konstituzioan txertatzea.

- Demokrazia zuzenagoa eta parte-hartzaileagoa martxan jartzea.

- Soberania nazionala indartzea.

- Gazteen errealitateari erreparatzea.

- Klima aldaketaren eraginei erreparatzea.

Madurok behin baino gehiagotan eskaini dio oposizioari elkarrizketaren irtenbidea Venezuelan sortzen ari den bortizkeria eta gatazka egoeran. Iazko udazkenean arrakastarik gabeko saiakerak egin bazituzten ere, oposizioak ez du biltzeko asmorik azaldu ordutik. “Asanblada konstituziogile bat deitzea da Venezuelan gertakari larriak gertatu daitezen ekiditeko bide bakarra”, Maduroren arabera.

Eskuineko oposizioak salatu du prozesu horrek Asanblada Nazionala —oposizioaren eskuetan— desegiteko aitzakia emango diola chavismoari, baina azaldu dute prozesu konstituziogileak iraun bitartean botere publikoak prozesuarekin batera indarrean izango direla, 1999ko prozesu konstituziogilean egin zuten antzera.