Turismoaren Mundu Erakundeko (UNWTO) Kontseilu Exekutiboa Donostian izango da maiatzaren 23tik 25era. Erakundearen 108. bilkura izango da Euskal Herrian egingo dena, eta 70 estatutako 300 ordezkari etorriko dira.
Turismoaren Mundu Erakundea Nazio Batuen erakunde bat da. Mundu mailako turismoaren garapenaz arduratzen da. Egoitza nagusia Madrilen du eta 158 estatu kidek, sei lurraldek eta sektore pribatuko, hezkuntza instituzioetako eta turismo elkarteetako 500 kide baino gehiagok osatzen dute.
UNWTOren webgunean azaltzen denez, “ekonomia-hazkundera, garapenera eta ingurugiroaren jasangarritasunera” bideratutako turismoaren alde egiten du erakundeak. Turismoa “lehentasun politiko” gisa ezarri nahi du 2030. urterako epean.
Zurab Pololikashvili georgiarra da UNWTOko idazkari nagusia 2018ko urtarrilaren 1ean Asanblada Orokorrean aukeratu zutenetik.
UNWTO 1947an sortu zen, Hagan (Herbehereak), Turismoaren Erakunde Ofizialen Bilkura izenarekin. 50. hamarkadan Genevan (Suitza) ezarri zuen egoitza, eta 60. hamarkadaren erdialdean Nazio Batuen Erakundearekin harremanak estutu zituen. 1970ean estatutu berriak onartu ziren, eta GKE izatetik gobernu-arteko erakunde izatera igaro zen, jada orain ezagutzen dugun izenarekin: Turismoaren Mundu Erakundea. 1976an, Idazkaritza Orokorra Madrilen finkatu zuen, gaur arte.