argia.eus
INPRIMATU
Zer aldatuko den LOMCE legea onartu ondoren
  • Espainiako Kongresuak onartu du Jose Ignacio Wert ministroaren hezkuntza erreforma. Oposizioari bizkar emanda, PPk daukan gehiengoa erabiliz Madrilen kontrola areagotuko duen legea ezarriko da hezkuntzan.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 10a
Werten hezkuntza erreforma onartuko da gaur

Osoko zuzenketa eta zatikako eskari hainbat eztabaidatu ostean iritsiko da testua osoko bilkurara. Parlamantuko ibilbide luze eta zalapartatsua PPren gehiengoari esker gainditu ondoren hezkuntza erreforma berriak kutsu zentralizatzailea eta kontrolatzailea izango du. Besteak beste honako aldaketak ekarriko ditu lege berriak:

 

Ikasgai nagusiak Espainiaren kontrolpean

Ikasgai nagusien eduki osoa Espainiaren esku egongo da eta Madrilek prestatuko dituen azterketekin  “ebaluazio nazionala” egin beharko dute ikasleek.

Hizkuntza gutxituak kaltetuta

Hizkuntzetan ere eragina izango du Wert legeak. Neurri horrek Kataluniari eragingo dio nabarmenki irakats-hizkuntza katalana izatetik, gaztelania izatera pasako baita. Horrekin, gaztelaniaz ikasi nahi duten ikasleei aukera emango zaie eskola pribatura joan eta faktura administrazioak ordaintzeko. Euskara Heziketa Fisikoa eta Musikaren maila berera pasako da eta espezialitate izendapena jasoko du aurrerantzean. 

Sexu araberako bereizketa

LOMCE legeak sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeak diruz laguntzea bideratuko du. Sexuen araberako bereizketak genero rol eta gatazkak indartzen dituela frogatuta egoen arren. Horrek azken urteetan hezkidetzaren alorrean egin den lana kaltetuko luke.

Erlijioari bultzada

Erlijio ikasgaiari bultzada eman nahian, hautazko bezala ezarriko dute eta irakasgai horretako nota kontuan hartuko da azken ebaluazioan.

Lanbide Heziketen maila apalago bat

Hizkuntza sistemaren egituraketan PPk esku hartu nahi zuen arren, Batxilergo eta DBH zikloak bere horretan geratuko dira azkenean. Lanbide Heziketan  ordea, aldaketa batzuk egonen dira erdi mailakoa baino apalagoa izango den oinarrizko maila bat sortuko dutelako. “Ikasle txarrak” hara bideratu nahi dituztela ohartarazi dute eragileek eta horrekin Lanbide Heziketari “prestigioa” kendu nahi diotela.

Kongresuan UPNren babesa

Hastapenean, UPN alderdia lege proiektuarekin mesfidati agertu bazen ere, zenbait eskari egin ostean, erreforma bere egin du; oso litekeena da, beraz, aurreko bozketetan bezala gaurkoan ere PPri babesa ematea.

Oposizioa Kontra

Oposizioko taldeek (horien artean PSOE, EAJ eta Amaiur) hitzeman dute PPk gehiengoa galtzen duenean bertan behera utziko dutela erreforma.

Larunbatean manifestazioa Bilbon

Hezkuntza eta gizarte arloko eragileek deituta hilaren 12an manifestazio nazionala egingo da Bilbon hezkuntza erreformaren kontra. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da martxa Jesusen Bihotzetik.

Deitzaileen artean Ikasle Abertzaleak, Sortzen, Ikastolen Elkartea, Ehige, Bihe, Sarean, Nize, ELA, LAB, STEE-EILAS, UEU eta Hik Hasi daude.