argia.eus
INPRIMATU
Zentsura mozioa onartuta, UPNk Noain-Elortzibarreko alkatetza galdu du
  • AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta "gardentasun falta" zirela eta.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko apirilaren 15
Asteleheneko Noain-Elortzibarreko osoko bilkura. @angelansae

Asteleheneko osoko bilkuran sinatu dute zentsura mozioa zazpi zinegotziek –hiru Aldatu Elortzibarrekoak, hiru AINE Noaingo Elkarte Independientekoak eta Harana Garako bat–, eta denek bozkatu dute Mayaren alde. UPNk bost ordezkari ditu udal batzarrean, eta azken eserlekua duen PSNko ordezkariak ez du bat egin mozioarekin. Alkatetza partekatua izango du udal gobernu berriak: urtebete barru, Aldatu Elortzibarreko ordezkariak aginte makila Mikel Navarro AINEko bozeramaileari emango dio, eta hark legegintzaldia amaitu arte izango du.

Udalaren agintea hartuko duten hiru taldeek martxoaren 31n iragarri zuten UPNko Sebastián Marco alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko zutela. Egun horretan kaleratutako ohar bateratu batean Noaingo Udal Gobernuari "gehiengo osoz" jardutea leporatu zioten –gutxiengoan gobernatzen zuen astelehenera arte–, eta salatu zuten erabakiak hartzeko unean baztertu egiten zituztela nahiz informazio garrantzitsua ezkutatu zietela. Gainera, Marco buru zuen taldearen "noraeza" eta "gardentasun falta" ere seinalatu zituzten. 

"Justifikaziorik gabeko" zentsura mozioa

Marco Noaingo alkate ohiarentzat "ez dute oinarririk" alkatetza kendu dioten hiru taldeek bere aurka aurkeztutako argudioek. Haren esanetan, udalaren azken sei aurrekontuak aurkako botorik gabe onartu dituzte, eta onartu zuten azkena, duela bi hilabete, talde guztiekin negoziatu zen: "Arazorik gabe onartu dira gai gehienak, eta hori da dagoen errealitatea".

Asteleheneko osoko bilkurara UPNko zenbait goi-kargu bertaratu dira: besteak beste, Cristina Ibarrola UPNko presidentea eta Ángel Ansa Nafarroako (Parlamentuko) parlamentaria. Hain zuzen, azken horrek bere sare sozialetan adierazi du "justifikaziorik gabeko" zentsura mozioa dela bere alderdiaren aurkakoa, eta gaitzetsi du sinatzaileak ez direla gai azaltzeko mozioaren zergatiak.