argia.eus
INPRIMATU
Zentro-eskuineko hegemonia berrindartu da Frantziako Senatuan
  • Frantziako Senatuaren herena berritu da. 384ko aulkietatik 171 berritu izan ondoren, En Marche (LREM) alderdiak 28 senatari baino ez ditu lortu. Oposizioko alderdiak izan dira garaile. Le Républicains  (LR) eta Alderdi Sozialista (PS) hurrenez hurren.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko irailaren 25a
Frantziako Senatuko presidentea GĂ©rard Larcher da, LRkoa. Eskuineko garaipenak bermatu du karguan berritzea.

Emmanuel Macron presidentearen En Marche alderdiak (LREM) lehen zartakoa jaso du. Asanblea Nazionalean diputatuen gehiengoa daukan arren, Senaturako lehen bozketetan ez du proportzio bereko ordezkaritza lortu.

Senatuko ganbera ez da sufragio unibertsalez hautatua, Erregio, Departamendu eta Herriko Etxeetako hautetsiez baizik. Atzo 1.859 hautetsik eman zuten boza.

Hautaketaren ostean, eskuineko LRk dauka ordezkaritza handiena Senatuan: 159. Hamazazpi senatari irabazi ditu. Zentroko UDI (Demokrata Independenteen Batasuna) senatariak 58 dira. 8 aulki gehiago eskuratu dituzte. Orotara, zentro eskuinak 213 senatari ditu. Hots, Senatuaren gehiengoa. Gainerako alderdiek 171 aulki betetzen dituzte.

Sozialistek zeuzkaten aulkiak atxiki dituzte, Alderdi Komunistak (PCF) ere bai. RDSE alderdiak (Europa Soziala eta Demokratikoaren Biltzerako Taldea) lau sentari galdu ditu, 16 zituen eta 12 ditu. Ekologistak 10etik  4ra jaitsi dira. Fronte Nazionalak (FN) zituen biak mantendu ditu.

Pirinio Atlantikoak departamenduaren (Ipar Euskal Herriko senatariak barne direla) emaitzak horren isla izan dira. PSko Frédérique Espagnac senatariak aulkiari eutsi dio, pronostiko guztien aurka. Miarritzeko hautetsi Max Brisson  (LR) eta zentroko (Mo-Dem, UDI eta LREM) Denise Saint-Pé dira senatari berriak.

Akitania Erregioan berriz, Landak eta Lot-et-Garonne departamenduetako aulkiak berriru ondoren, Alderdia Sozialista bost senatari izatetik hiru izatera pasa da. Zentro-eskuina bi izatetik lau izatera.  

Laburrean, hainbat hamarkadatan Frantziako hegemonia izan duten alderdiek beren indarra agertu dute berriz ere. Alabaina, zentro-eskuina eta sozialisten arteko lehian, balantzak eskuin aldera egin du.