Eskuin muturrak elkarrekin gobernatzeko gonbita luzatu dio eskuinari. Luis Montenegro irabazleak adierazi du hauteskundetan egindako promesari eutsiko diola, eta bakarrik gobernatuko duela. Alderdi Sozialistak gainbehera handia izan du.
Zortzi urtez gobernuan egon ostean, kolokan zegoen PS Alderdi Sozialistak berriz ere irabaztea Portugalgo hauteskundeak. Igandeko hauteskundeetan zentro eskuineko AD Aliantza Demokratikoa koalizioa atera da garaile 79 eserlekurekin. PSek 77 lortu ditu eta eskuin muturreko Chegak 48. 2022. urtearekin alderatuta, emaitzak laukoiztu ditu eskuin muturrak.
Zentro eskuineko alderdiak ez duenez gobernatzeko gehiengoa lortu, Chega eskuin muturreko alderdiak elkarrekin gobernatzeko gonbita egin dio. Luis Montenegro ADko hautagaiak esan du bete egingo duela eskuin muturrarekin ez negoziatzeko hartuta duen konpromisoa.
Haien atzetik geratu diren gainerako alderdiak dira Iniziatiba Liberala (%5), BE Ezkerreko Blokea (%4,5), CDU Koalizio Demokratiko Unitarioa (%3,3), Libre (%3,3), PAN ekologistak (%2) eta Alternatiba Demokratiko Nazionala (%1,6). Herritarren %62,2k parte hartu du hauteskundeetan.
Alderdi Sozialistaren gainbehera
Eskuinak gora egin du, eta ezkerrak behera. Orain arte 120 eserleku eta gehiengo osoa zeukan PSek; hortaz, 43 ordezkari galdu ditu. Pedro Nuno Santos hautagaiak porrota onartu du, eta esan du oposizioan egongo dela. Gainbehera ustelkeria kasu batekin lotu dute askok: iazko azaroan, Antonio Costak, PSren buru zenak, dimisioa aurkeztu zuen, influentzien trafikoa eta prebarikazioa leporatuta ikertzen ari direlako.