Junts eta ERC abstenitu egin dira bozketan eta popularrek aurkezturiko ez-legezko proposamena aurrera atera da, PP, Vox eta UPNren botoekin. 2027 eta 2035 urteen artean ixtea aurreikusten diren Espainiako Estatuko zazpi zentral nuklearren bizitza erabilgarria handitzea ekarriko luke.
Nuklearren aldeko ekimena asteazkenean onartu du Espainiako Kongresuak, eta horretarako funtsezkoa izan da Junts eta ERC taldeen abstentzioa. Ez-legezko proposamenak dio Espainiako Estatuan dauden zazpi zentral nuklearren itxiera –tartean Garoñakoa– atzeratu egin beharko litzatekeela, eta horretarako operatzaileei eta merkatu-erakundeei txostenak eskatuko dizkiete.
PPk, Voxek eta UPNk onarturiko testuan dio nuklearrek "funtsezko papera" jokatzen dutela trantsizio energetikoan eta elektrizitatearen prezioen jaitsieran.
PPko diputatu Guillermo Mariscalen esanetan "[zentralak] ixtea erabaki duen herrialde bakarra gara; Exekutiboak ez du ezer proposatu, eta horrek Putinen gatibu bihurtzen gaitu", Errusiako gasari zeharka aipamena eginda. Voxeko parlamentariak, berriz, energia nuklearraren kontrakoak "ekofanatikoak eta psikopatak" direla bota du.
Espainian, oraindik zabalik dauden zentral nuklearrak 2027. eta 2035. urteen artean itxiko direla aurreikusten da, onartuta dauden planen arabera. Baina ekimen honek ibilbide-orri hori hankaz gora jarri dezake orain.
Espainian, oraindik zabalik dauden zentral nuklearrak 2027. eta 2035. urteen artean itxiko direla aurreikusten da, onartuta dauden planen arabera. Baina ekimen honek ibilbide-orri hori hankaz gora jarri dezake orain
Junts izan da bozketan abstenitu den taldeetako bat. Pilar Calvo alderdi horretako parlamentariak Herrialde Katalanek Frantziarekiko edo Aragoirekiko duten energia "menpekotasuna" aipatu du bere botoa argudiatzeko orduan. ERCk, berriz itxiera "inprobisaturik" ez duela nahi adierazi du.
EH Bilduk eta EAJk ekimenaren kontrako botoa eman dute. Azkeneko honen bozeramaile Idoia Sagastizabalek azaldu duenez, PPk, gaindituta dagoen eztabaida bat "berpiztu" baino ez du egin nahi nuklearren gaiarekin. Era berean, teknologia "garbi eta seguruen" aldeko apustua egin beharko litzatekeela ziurtatu du.
Nuklearren lobbyen oldarraldia
Energia krisiarekin batera, energia nuklearraren aldeko jarrerak azaleratzen ari dira han eta hemen, eta, alde horretatik, nuklearren lobbyak lanean ari direla dirudike.
Euskal Herrian, Zedarriak foroak txosten batean "segurtasun eta defentsa industriako" inbertsioek emango duten "aukerez" gain, energia nuklearra bultzatzeko aukera ere eztabaidatu beharraz mintzo da.
Energia krisiarekin batera, energia nuklearraren aldeko jarrerak azaleratzen ari dira han eta hemen, eta, alde horretatik, nuklearren lobbyak lanean ari direla dirudike
Bestalde, Erresuma Batuan, Keir Starmer Lehen ministroak pasa den astean ziurtatu zuen bere gobernuak argi berdea emango diela zentral nuklear txikiak eraikitzeari, "herrialdea lozorrotik esnatzeko". Arrazoi moduan, Starmerrek esan du Adimen Artifizialerako datu zentroentzako energia gehiago beharko dela.
Hain justu, AEBetan Amazon, Microsft eta antzeko big tech gehiago aztertzen ari dira lehendik itxitako zentral nuklearrak berriz zabaltzea euren datu zentro erraldoiak elikatzeko.