argia.eus
INPRIMATU
Zentral nuklearrak ixteko galdeketan baietz bozkatu dute Suitzako herritarrek
  • Energia nuklearraren erabilera modu mailakatuan ezabatzea aurreikusten duen Energia Legea onartu dute Suitzan, bozen %58,2rekin. Zentral berriak eraikitzea debekatu eta funtzionamenduan daudenak ixtea du helburu.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 22a

Egun bost zentral nuklear daude irekita Suitzan eta 22,1 terawatio sortzen dute urtean, herrialdeak behar duen energiaren herena. Momentuz lanean jarraituko dute, eta pixkanaka itxiko dituzte, 20-30 urteko tartean guztiak itxi arte.

Nuklearrek produzituko ez duten energia ordezkatzeko, energia aurrezte plana aurkeztu dute, pertsona bakoitzaren kontsumoa %43an murrizteko helburuarekin. Gainontzekoa energia berriztagarriekin konpentsatuko da eta kontsumitzaileentzako prezioa 1,5 zentimotatik 2,3ra igoko da.

Energia Estrategia 2050 planaren barruan egin dute erreferenduma. Fukushiman 2011n izandako istripuaren ondorioz Suitzako Gobernuak proposatu zuen egitasmoa da. Parlamentuak 2016an onartu zuen, baina erreferendumaren zain zeuden eta igandean egin dute. Parte-hartzea %42,3koa izan da.