Kultur espazio berria izango den Zentral kafe antzokia irekiko dute Iruñean. Hiru formatu ezberdin izango ditu: kontzertu aretoa, kafe antzokia eta auditoriuma.
Antzokiko arduradunek jakinarazi dutenez, bi solairu izango ditu lokal berriak: 12 metro luze eta 6 metro zabal dituen eszenatoki handia eta pista izango dira beheko pisuan, eta goian eszenatoki txikiago bat, Gastro Bar eta Zona Club guneekin batera.
Kontzertuetarako 1.000 bat lagunentzako espazioa du, 200 pertsonentzat kafe antzoki gisara eta auditorium moduan 300 bat lagunentzat. Kontzertuez gain, ekitaldi ugari antolatzeko asmoa dute arduradunek; besteak beste, hitzaldiak, jai pribatuak, antzerkiak, aurkezpenak eta enpresa bazkari eta afariak.