argia.eus
INPRIMATU
Zener Plus telekomunikazio enpresa bizkaitarra 65 langile berriz hartzera zigortu dute
  • Martxoaren 16tik apirilaren 3ra bitarte langileen herena kaleratu zuen; horietatik 25i ez zien kontratua berritu probaldia ez gainditzeagatik, 34ri diziplina arazoak egotzi zizkioten, eta seiri aldi baterako kontratua ez zieten berritu. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo ditu kaleratzeak.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 16a
Artxiboko irudian Zenerreko langileak Euskaltelen aurrean protestan, 2019an. Argazkia:CCOO.

Eldiario.es egunkariak eman du sententziaren berri. Zener Plus telekomunikazio konpainiak Bizkaian du egoitza eta Más Móvil eta Vodafone operadoreentzat telekomunikazio-sareak instalatu eta mantentzen ditu. Pandemiaren lehen alarma egoera hasi eta berehala ekin zion enpresak langileak kaleratzeari. CCOO sindikatuak salatu zuen gertaera eta Auzitegi Nagusiak enpresa zigortu du kaltetutako 65 langileak berriro onartzera eta konpainiatik kanpo egon diren bitartean jaso ez dituzten soldatak ordaintzera.

CCOO sindikatuak adierazi du kosta zitzaiela kaleratzeen berri izatea: “Enpresak ematen duen informazioa oso mugatua da beti, asko azpimarratu behar da. Egiten den lan motagatik, instalatzaileak ez daude asko zentroan, eta, beraz, ia zurrumurruen bidez hasi ginen jakiten kontratu-iraungitze asko izaten ari zirela”.

Epaiaren arabera, kaleratze kopuru mardulagatik enpresa derrigortuta zegoen kaleratze kolektibo bat izapidetu eta negoziatzera, baina ez zuen halakorik egin. Horren ordez, banakako kaleratzeak egin zituzten, langileen errendimendua jaitsi zela eta probaldian ari zirenek etapa hura ez zutela gainditu argudiatuta. Epaileek gogorarazi dute pandemiak eragindako kaleratze objektiboak debekatzea arautu zela enpresak kaleratzeak egin zituen garai hartan eta enplegu erregulazioko espedientea abian jartzeko aukera zabaldu zela. Hain zuzen, enpresak 65 kaleratzeak egin eta hiru egunera enplegu erregulazioko espediente eskaera egin zuen.