Nire nebak, bere adinari dagozkion estereotipoei jarraiki, galdera kurioso horietako bat luzatu dit: “Non sartu dira euritakoak?” Erantzun behar izan diot, ez dakidala, ez dakidala nork eraman dituen. Orduan nebak, salto egiteko duen bizitasun beraz, galdetu dit: “Nork lapurtu ditu euritakoak?”.
Alde Zaharrera bideari ekin diogu misterioa argitu gabe. Kantoi bat zapaldu orduko enegarrenez galdetu didate, “Where is the Guggenheim?”: hortxe lehen pista. Bigarrena, are agerikoagoa, Santiago Plazan elkartzen den artaldea; eta, erdi-erdian, horra hor euritako horiak. Artzain txakurra bezala atzera eta aurrera ardiei zaunkaka izkin guztietako istorioak kontatzen: kondairak, kontuak edo asmakizunak, batek daki.
Haiei begira geratzea kuriosoa da: geldi-geldi geratzen dira edozein izkinatan estatuen antzera herriko erliebe, flora eta faunari begira, dena ikergai antropologikoa balitz bezala. Beste orbita batean baleude bezala ibiltzen dira, ez kontratempoan, destempoan baizik. Haien espazio kapsularen baitan higitzen direla dirudi, haien orbitara itsatsita baleude legez, indar handigo batek ekosistema autoktonoarekin elkarrekintza eragotziko balie gisan. Badaezpada, ez diote fauna autoktonoari begietara begiratzen. Bertakoekin komunikatzeko beharrik ez balute bezala, “gracias” batekin nahikoa. Badirudi haien asmoa hirian arrastorik ez uztea dela, benetako hirian behintzat, haientzat sorturiko hiria baino ez dute benetan ukitzen: souvenir dendak, hotelak, museoak baino ez dituzte zapaltzen haien zapata berriez. Haien joan-etorrien arrastoek, ordea, sakoneraino urratzen dute benetako hiri hori.
"Bi parke: berak eta biok osatzen duguna; eta bera turista bilakatzen duena, beste umeena"
Periferian oraingoz salbu gaudela dirudi, mantentzen ditugu behintzat fauna autoktonoarentzat eraikiak omen diren zibulu ez horren garestiak. Nire nebak hori ez daki ordea, eta bete-betean erakartzen dute bere ume interes estereotipikoa.
Etxe ondoko parkera joan gara. Biok zibuluetan, zein tirolinan, ea nor hurbildu zerura gehiago. Elkarrekin ibili ostean bakarrik utzi eta begirale lanari ekin diot. Orduan, iparra galduta ikusi dut, nora begiratu jakin gabe, parkea beste bat balitz bezala. Txirrista atzean erdi ezkutatu da, ume kuadrilla bati begira-begira tentuz. Txirristan behera joan direnean haien atzetik jo du, baina gehiegi hurbildu gabe, egindako txorakeria kopiatzen saiatuz disimuluan. Txorakeria bera izan da, baina ez da parke berean izan. Aurreko umea bere lagunak begira zituela harrotu da, puztu eta txilio egin du bere kideen txilioen oihartzunaz nahasiz. Nire nebarena ez, saiatu da imitatzen, egin du txilio ez horren ozen, baina ez da oihartzunik izan, ez begirada konplizerik. Niri begira geratu da, zain. Nik irribarre egin diot, bere parkean, eta satelite bakartiaren bideari ekin dio berriz, besteen parkean. Batzuetan badirudi autoktonoak beste umeak direla eta nire neba orbita propioko astroa, besteak flora eta fauna, eta bera euritakorik aurkitzen ez duen ardia. Ardi galdua. Bi parke: berak eta biok osatzen duguna; eta bera turista bilakatzen duena, beste umeena. Parke baten barruan bi kabituko balira bezala, hiri baten barruan bi hiri.
Mobileko mezuek despitatuta, nebari pista galduta, pare bat globo ikusi ditut airean eta beste pare bat txilio entzun. Bat-batean korrika gerturatu zait txikia, “esan ahal diezu beste umeei ez bustitzeko ni, mesedez? Eske beste hizkuntza batean ari dira ta ez naute ulertuko”, esan dit. Bihotza urratu zait. Eta jarraian “etxera joan nahi dut” bat, gelditzeko konbentzitu ezin izan dudana.