argia.eus
INPRIMATU
Zenbat gauza!

Naiara Gago Povedano @harperdunn 2021eko abenduaren 20a

Urtero, Gabonak hurbiltzean, mendebaldeko filosofiaren bitxikeria bat etortzen zait burura. Sokratesek merkatuaren erdian esan ohi zuen pozarren: “Zenbat gauza ez ditudan behar!”. Hain gustuko dudan anekdota hau aipatzen dudanean, imajinatzen dut filosofoa, irribarretsu, 360 graduko bira eginez merkataritza-zentro batean, Google Maps-en leku jakin bat Street view ikuspegitik ikusteko aukera ematen digun kamera balitz bezala. Dudarik gabe, k.a. V. mendean errazagoa zatekeen kontsumo konpultsiboan ez erortzea, baina balorazio honek ez dio garrantzirik kentzen ideia sokratikoari; are gutxiago, filosofoak balio-taula tradizionala irauli zuela jakinda: dirua, ohoreak, fama eta ospea baztertuta, jakinduria eta autoezagutza azpimarratu baitzituen.

Izan ere, benetan merezi du pare bat minutu eskaintzea atenastarrak esandakoaren muinari. Egin zerrenda mental bat benetan behar ez dituzun gauzekin. Galdetu zeure buruari zergatik erosi dituzun, zertarako, zerk eraginda. Laura Sam olerkariak Algoritmo izeneko abestian bere buruari diotsonez, “Nahi dut nahi dudana baino gehiago”, eta galdera honekin interpelatzen gaitu: “Ez duzu ikusten txotxongiloak garela esku ikusezinetan?”. Eta beste hau gehitzen du Laurak: “Modak eta joerak. Substantzia bilatzen dut, baina algoritmoa dator bere magiarekin. Bere magiarekin kontsumitzen nau”.

"Ez dugu sustatu nahi, behin eta berriz modelo horretan erortzen bagara ere. Baina, non dago kontsumismo suntsitzailearen eta arduratsuaren arteko muga?"

Ez dakit zuei, baina, niri, asko kostatzen zait neure printzipio guztiak aldi berean errespetatzea. Kontsumitzailea eta planetako hiritar fisikoa zein digitala naizen aldetik, motxila handia eta jasanezina sentitzen dut neure bizkarrean, disonantzia kognitiboez betea. Alde batetik, garai honek garrantzi ukaezina du merkataritza txikiarentzat, nik hala deritzot, eta sentsazioa daukat denda txikien biziraupena suspertu behar dugula herritarrok. Zero kilometroko erosketak egiteko gonbit egiten digute bono-denda, merkatu txiki, zozketa eta beste hainbat ekimenen bitartez. Dendari horiek aurpegia dute, eta ezagutzen ditugu, haien izenak ere bai, eta badakigu zenbat denbora eta ahalegin inbertitzen duten. Izan ere, ezin dugu imajinatu gure bizilekua komertzio txiki horiek gabe. Herria basamortu bilakatuko litzateke. Bestalde, kontsumo-gizarteak ingurumenean duen inpaktua itzela da. Bistan da kontsumitzeko modu hori jasangaitza dena, eta ez dugu sustatu nahi, behin eta berriz modelo horretan erortzen bagara ere. Baina, non dago kontsumismo suntsitzailearen eta arduratsuaren arteko muga?

Lehen, Hans Jonasek sortutako agindu etiko-ra jotzen nuen galdera horri erantzuteko, gida moral gisa, erantzukizunaren inperatibo-ra, hain zuzen: “Jokatu ezazu halako moldez non zeure ekintzaren ondorioak bateragarriak izan daitezen etorkizunean benetako giza bizitzaren iraupenarekin lurraren gainean”. Asko gustatzen zitzaidan, datozen belaunaldiei erreparatu, eta gure indibidualismotik haragoko errealitate bati heltzen diolako. Orain, aldiz, oso sinplista iruditzen zait, ez baititu gainerako espezieak edo ekosistemak kontuan hartzen, giza bizitza soilik, Antropozenoa deritzon garaiaren erdigunea, alegia. Egun, askoz zailagoa den ariketa batean, Aldo Leopoldek zioenari begira, hobe deritzot “Pentsa ezazu mendi batek bezala” lelopean jarduteari, lurralde batean bizi den bizitza osoa aintzat hartzeko: auzoko dendaria bai, baina etxe ondoko ibaian bizi diren arrainak ere bai. Herriko fruta-dendan erosi, bai, baina plastikozko poltsarik gabe.

Hala eta guztiz ere, beti sentitzen dut zerbait gaizki dagoela, zerbait falta dela, zerbait hobetu daitekeela. Galdera berak egiten du hegan behin eta berriz, drone obsesibo batek bezala, nire pentsamenduen gainetik. Nola ekin benetako erosketa “etikoei”? Non dago, gizarte neoliberaletan, Aristotelesen erdiko terminoa kontsumitzeari dagokionez? Existitzen da halakorik edo oximoron hutsa da? Nire ustez, kontzientzia hartuz baino ezin diegu aurre egin arazo hauei. Eta, bide batez, presaka. Hannah Arendtek azaltzen zuenez, itxaropena ez da oso lagungarria, geure desio eta itxaropen guztiak etorkizunean jartzen ditugun heinean, hau da, besteen ekintza eta erabakietan, orain-hemengoak ahazten ditugu, erreakzionatu barik. Argi dago ugariak direla modu kontzientean kontsumitzeko etsaiak: erosteko konpultsioa, hutsune existentzialak asetzeko beharra, publizitate-kanpainak, izatea eta edukitzea identifikatzen dituen zoriontasunari buruzko ideia faltsua, cookie eta algoritmo ikusezinak bezain eraginkorrak. Zerrenda mugagabea da.

Horren aurka, informa zaitez. Irakurri. Entzun. Egon adi zeure herrian eta inguruan behar direnei. Pentsatu. Gelditu. Hausnartu. Asmatu beste modu batzuk. Partekatu. Saretu. Arduratu. Zaindu duzun hori. Maite zure bazterrak. Jokatu ezazu zeurekin jokatu dezaten nahi duzun bezala, aintzat hartuta gizakiak, animaliak, errekak zein planeta osoa. Gauzak, pertsonak, planeta, denda txikiak, merkatariak, herria. Zenbat gauza ez ditudan behar eta, aldi berean, zenbat behar ditudan!

 

* Naiara Gago filosofia irakaslea da