argia.eus
INPRIMATU
Zenbait osasun langilek aurre egin diete konfinamenduaren aurkako protestei AEBtan
  • Colorado estatuko Denver hirian konfinamenduaren aurkako auto eta moto ilara egin dute igandean, funtsezkoak ez diren sektoreetako langileek ere lanera joateko eskubidea dutela aldarrikatuz. Protesta horien aurrean jarri dira osasun langileak, manifestarien probokazioei erantzunik eman gabe.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 20a
Osasun langileak konfinamenduaren aurkako protestak mozten. Argazkia: New York Post.

“Zuk lan egin dezakezu, nik zergatik ez?”, esan zion protestan zegoen emakume batek parean zuen osasun langileari. Ehundaka ziren, bera bezala, funtsezkoak ez diren sektoreak zabaltzeko eskatzen zutenak, autoetako klaxonak joaz.

AEBtako banderak zeramatzaten gehienek eta “hil birusa, ez ekonomia” bezalako aldarriak egin zituzten. Polizia agertu arte mantendu zen manifestarien eta osasun langileen arteko tentsioa, azken hauek manifestarien zirikei erantzunik eman ez bazieten ere.

Protesta ugari

Coloradokoak ez dira AEBtan konfinamenduaren aurka egon diren protesta bakarrak, igandean bertan Utah, Idaaho eta Washingtonen ere egon ziren protestak. Protesta guzti horiek baketsuak izan badira ere, irudi biolentorik ere utzi dute zenbait estatutako protestek, Michigangoek kasu.

Urruntze soziala = komunismoa

Askatasunaren lurraldea aldarrikatu dute protestetan, eta urruntze soziala komunismoa dela esan dute. Ileapaindegietara edo beste edozein motatako funtsezkoak ez diren negozioetara joateko eskubidea dutela esan dute. "Komunismoa nahi baduzue zoazte Txinara", bota diete parean zituzten osasun langileei.

Urruntze soziala komunismoarekin parekatzen duten kartelak. Argazkia: Chicks on The Right.