argia.eus
INPRIMATU
Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”
  • Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 27a
V. Ghirda AP

Bi urte pasatu dira Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuenetik. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak igandean, otsailaren 25ean, lehen aldiz eman zituen hildako pertsonen inguruko datuak; 31.000 soldadu ukraniar hil dira gerran: “Oso mingarria da guretzat”. Ukrainiak hildako errusiarrei dagokienez, 409.820 errusiar hil dituztela esan du.

Beste herrialde batzuek emandako datuak ezeztatu ditu Zelenskik: “Estatu Batuetako erradikalenek diote 300.000 hildako ditugula. Errusiarrek diote Ukrainak 100.000 pertsona baino gehiago galdu dituela eta errusiarrek 35.000 inguru galdu dituztela. Horrelako zerbait esaten dute, baina dena gezurra da. Ukrainako 31.000 soldadu hil dira gerra honetan, ez 300.000, ez 150.000”. 

Hildakoen berri eman duen arren, ez du esan zenbat zauritu egon diren: “Ez dut esango zenbat zauritu dauden, Errusiak jakingo lukeelako zenbat pertsonek utzi duten gudu-zelaia”.

Zibilez ere mintzatu da, baina ez du datu zehatzik eman: “Hamarnaka mila direla badakigu, baina ez dakizu zenbat milaka diren hildakoak, torturatuak edo deportatuak”.

Datuak emateaz gain, laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei, eta, besteak beste, misilen aurkako hamar Patriot sistema gehiago eskatu: “Gatazkaren dinamika alda daiteke”.