argia.eus
INPRIMATU
Zelenski
“NATOn sartzeaz aspaldi hoztu nintzen; Donbassez eta Krimeaz eztabaida dezakegu”
  • ABC Newsekin hitz egin du Zelenskik, eta dio aspaldi ulertu zuela NATO ez dagoela prest Ukraina onartzeko. Bestalde, Donbassen eta Krimearen etorkizunaren inguruan Errusiarekin eztabaidatzeko prest dagoela dio.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko martxoaren 08a
Zelenski, Ukrainako presidentea.

Ukrainako presidenteak, Zelenskik, AEBetako ABC News hedabidearekin izandako elkarrizketan adierazi du "aspaldi hoztu zela Ukraina NATOn sartzearen ideiarekin".

Kazetariak Putinek gerrarekin amaitzeko Ukrainako gobernuari jarri dizkion baldintzen inguruan (Konstituzioan bermatzea NATOn ez dela sartuko, Krimea Errusia dela aitortzea eta Donetskeko eta Lughanskeko Herri Errepubliken aitortza) galdetu dio Zelenskiri, eta honakoa adierazi du: "Lehenik eta behin, prest nago dialogorako, baina kontu hau ez doa nirekin, ni bozkatu nautenekin baizik. NATO ez dago prest gauza eztabaidatsuetarako, ezta Errusiarekin zuzeneko konfrontazioan sartzeko ere".

NATOz gain, Donbassen eta Krimearen etorkizunaren inguruan ere mintzatu da Ukrainako presidentea. Adierazi du Errusia dela munduko herrialde bakarra Donetskeko eta Luhanskeko Herri Errepublikak aitortu dituen bakarra, baina hauen etorkizunari buruz eztabaidatzeko prest agertu da: "Eztabaidatu dezakegu, eta konpromezuak hartu ditzazkegu, lurralde hauek nola biziko diren erabakitzeko. Niri inporta zaidana da Ukrainaren parte izan nahi duten eta lurralde horietan bizi diren pertsonak nola biziko diren. Gauza uste baino zailagoa da; Errusiak beste ultimatum bat egin digu, eta ez gaude ultimatumetarako prest".