Zalduondoko Celedonio Alzola edo Bitorianoko Celedonio Iturrate; biak ala biak izan daitezke Gasteizko jaietako sinboloaren inspirazio iturria: gizonak, baserritarrak eta parrandazaleak.
Argi dagoen gauza bakarra da ez dela existitzen. Zeledon mito bat da, urtero, abuztuaren lauan hezur-haragizko Gorka Ortiz de Urbinan urtzen den sinbolo bat. Mitoaren jatorriari buruz bertsio ugari daude.
Ezagunena, Zalduondoko baserritarraren istorioa da: Celedonio Alzola Garcia de Andoin. 1796. urtean jaio eta 1866an hil zen. Hogeita bat urterekin joan omen zen Gasteizko Zapatari kalera bizitzera; igeltseroa zenez bere etxea eraiki zuen, "leihoa eta balkoiarekin", abestiak dioen moduan. Alzolaren inguruan denetarik jaso da, parrandazale izateagatik ospetsua egin zela hirian, gizon langilea eta oso zintzoa zela…
Kondaira horri helduta, 1971. urtetik, Gasteizko jaietako aurreko igandean, Zalduondon Zeledon Eguna ospatzen dute, Juan Lope de Andoategi tolosarrak zizelkatu zuen iturria irekiaz. Ura atera ordez, ardoa ateratzen da herriko iturritik, eta ohitura dago egun horretan askaria egiteko Torrelarren.
Plaka bat ere ikusi daiteke Zeledon ustez jaio zen etxean.
Alta, Carlos Ortiz de Zarate apaiz eta etnografoak Leyendas y tradiciones de Kuartango liburuan Celedonio Iturralde izeneko beste Zeledon baten biografia jaso zuen, Gasteizko jaietako mitoaren inspirazio iturri izan daitekeena.
Celedonio Iturralde Armentia Bitorianon jaio zen, 1810. urtean. Oso gizon alaia omen zen, eta asko gustatzen zitzaion Gasteizko tabernetan ibiltzea. I. Karlistadan (1833-1840) teniente koronela izatera iritsi zen, eta garai horretan jarri zioten Zeledon ezizena. Gainera, kondaira baten arabera, karlisten artean, CeledÛn se ha hecho una casa nueva pasahitza erabiltzen zuten gerra garaian.
Karlistek galdu zutenean, Iturralde Frantziara atzerriratu egin zen; halere, Arabara itzuli zen, 1843. urtean, Katadianoko andre batekin ezkondu eta Andagoian, etxe berri bat egin zuen, antzinako dorretxe bat zegoen tokian "leihorik eta balkoirik gabe". Kondairen arabera, bizitza gorabeheratsua izan zuen Kuartangoko Zeledonek: ganaduzalea edo ikazkina izan zen Gibijon, hirugarren karlistadan ere parte hartu zuen, berriz ere erbesteratu behar izan zen…, eta1889an hil zen.
Ez dago argi zeinek inspiratu zuen, 1957an, Zeledonen pertsonaia sortu zuen lagun taldea; Celedonio Alzona edo Celedonio Iturralde izan daitezke, edo Arabako beste Zeledonen bat. Argi dagoena da ordutik aterkia zabalik duen panpina bat soka batetik jaisten dela, eta hezur-haragizko gizon baten deiadarrekin hasten direla Gasteizko jaiak.
Albiste hau Alea.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.