argia.eus
INPRIMATU
Zeelanda Berriak ordaindutako baja onartu du bat-bateko abortuen kasuetan
  • Zeelanda Berriko parlamentuaren gehiengoak erabaki du abortu naturala sufritu duten emakumeei eta bikotekideei hiru eguneko baimena ematea.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 26a
Jacinda Arden Zelanda Berriko presidentea. Argazkia: The Female Lead

Fetua 20 asteren ostean hilez gero baimen erremuneratua ematen die langileei Zeelanda Berriko legeak, baina legedi berriak baimena luzatu eta edozein unetan haurra galduz gero erabili ahalko da. Gurasoei, gurasoen bikoteei eta adopzio edota haurdunaldi subrogatuen kasuan izango da indarrean. Neurri hau hurrengo asteetan lege bihurtzea espero da. 

Bat-bateko abortoaren legislazioan pauso bat aurrera eman duen lehen herrialdea ez da Zeelanda Berria izan. Indiaren kasuan emakumeek sei astetako baimena daukate horrelakoetan, baina kasu gehienetan kontraturik gabeko edota lan informalak egiten dituztenez, ezin dute aukera hau baliatu. Hala eta guztiz ere, abortua edozein momentutan jasaten duten emakumeei egokituko zaien lehenengotariko legea izatea espero da.

Jan Logie diputatuak proiektuaren helburuetako bat “tabu” hori apurtzea izan dela adierazi du. "Emakume askok oraindik ere isiltasunean pairatzen du abortua" salatu du. Zeelanda Berriko lau emakumetatik batek bat-bateko abortua jasan du eta 20.000 emakume inguruk jasaten dituzten abortuak bat-batekoak edota fetuaren heriotzak izaten dira.