argia.eus
INPRIMATU
Zelaia eta Barbadoren aurkako epaiak berretsitako “ANkerkeria” salatu dute
  • Ehunka pertsona batu dira Andra Mari Zuriaren plazatik abiatu den mobilizazioan. Amurrion ere kaleak hartu dituzte Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurkako epaia salatzeko.

Hala Bedi @halabedi 2021eko otsailaren 08a
Argazkia: Hala Bedi.

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen atxiloketatik bi urte bete direnean eman du Audientzia Nazionalak jakitera haien aurkako epaia: 4 urteko espetxe zigorra ezarri diete “armen eta munizioen gordailu” bat izatea egotzita. ANkerkeria STOP herri egitasmoak Gasteizko mobilizazioaren amaieran azaldu duenez errekurtsoa jarriko dute, eta “sententzia honekin, ez da ezer amaitzen. Orain arteko bideak jorratuko ditugu: izan errekurtso bidez eremu judizialean, izan elkartasun, babes eta salaketa bidez Euskal Herriko kaleetan”.

Prozesu guztian zehar aipatutakoa azpimarratu dute oraingo honetan ere, “konpromiso eta jardun politikoa izan dela, hain justu, salbuespenezko auzitegian epaitu dutena. Hortaz, konpromiso eta jardun politikoarekin soilik egingo diogu aurre”.

Gauzak horrela, prozedura eta epaiketa guztia “fartsa” bat izan dela salatu dute, “espainiar “justiziaren” izaera eta hau indarrean mantentzeko erabiltzen dituen "mekanismoak" agerian utziz. “Bide berriak irekiko ditugu kasu honen bidez, sektore desberdinetan mezu bat zabaltzeko, Audientzia nazionalaren zilegitasun eza euskal herritarrak epaitzen jarraitzeko, herri hau zigortzeari uzteko, ANkerkeriarekin amaitzeko”, gehitu dute.

Amaitzeko, “aurrera" jarraituko dutela jakinarazi dute, izan ere, “hemen ez da ezer amaitzen”. Aitor eta Galderrekiko babes mezuekin bukatu da Gasteizko mobilizazioa.

Elkartasun elkarretaratzeak Euskal Herrian zehar

Epaia argitara eman eta hurrengo egunetan ugariak izan dira Euskal Herrian zehar egindako elkartasun ekimenak. Larunbat eguerdian herriz herri elkarreratzeak egin dira «Orain inoiz baino gehiago ANkerkeriari Stop» lemapean.