argia.eus
INPRIMATU
Zeintzuk izan dira NBEaren Segurtasun Kontseiluko bilkuraren gakoak?
  • Butxako ustezko gerra krimenak izan dira gaurko NBEaren Segurtasun Kontseiluaren bilkurako gai nagusia; Zelenskik bere funtzio nagusia ez betetzea egotzi dio kontseiluari berari.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko apirilaren 05a
NBEaren Segurtasun Kontseiluko bilkura.

Gaur arratsaldean Segurtasun Kontseiluko behin-betiko herrialdeak (Txina, AEBak, Frantzia, Erresuma Batua eta Errusia) eta gonbidatutako herrialdeak elkartu dira NBEaren egoitzan, eta Ukrainako inbasioa izan da landu duten gai bakarra.

NBEko idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, adierazi du Ukrainako gatazkaren ondorioz mila milioi pertsona baino gehiago zahurgarri daudela munduan. Bestalde, gatazka hau "zentzurik gabeko biktimak" uzten ari dela azpimarratu du. Butxako ustezko gerra krimenen inguruan, irudi horiek "inoiz ahaztuko ez" dituela esan du.

Zelenski, nazioarteko egiturekiko kritiko

NBEko Segurtasun Kontseiluaren azken bilkura honetan, Zelenskik gogor jo du nazioarteko komunitatearen eta egituren aurka: "Zer egiten du Segurtasun Kontseiluak? Non dago? Garbi dago bakea bermatzeko nazioarteko egitura nagusiak ezin duela eraginkortasunez jardun. Munduak ikusi du zer egin duten indar errusiarrek Butxan, baina oraindik ez dute ikusi zer egin duten beste hiri batzuetan".

Bestalde, Zelenskik adierazi du Butxan egon dela, errusiarrek ustez egindako krimenak egiaztatzen, eta adierazi du herri gehiagotan antzeko gauzak egin dituztela. Ukrainako presidentearen esanetan, Butxan bakarrik torturatutako edo hildako 300 pertsona aurkitu dituzte, eta Kiev inguruko herrietan guztira 410 pertsonen gorpuak aurkitu dituztela gehitu du.

Errusia Segurtasun Kontseiluko behin-betiko kidea izatea eta beto eskubidea izatea ere kritikatu du Zelenskik; azpimarratu du posizio horrek inpunitatez jarduten jarraitzen uzten diola Errusiari: "Uste duzue nazioarteko eskubideak jada ez duela zentzurik? Zuen erantzuna ezezkoa bada, egin zerbait berehala". Honen harira, AEBetako ordezkariak adierazi du Errusiak NBEko Giza Eskubideen Kontseilutik kanporatua izan behar duela.

NBEaren sistema guztiz aldatu behar dela ere adierazi du Zelenskik: "Garrantzitsuena NBEaren sistema aldatzea da orain. Kieven nazioarteko konferentzia bat antolatzea proposatzen dut, nazioarteko segurtasunaren sistemaren erreforma baten inguruan eztabaidatzeko". Gai honen inguruan, gehitu du bakea ezin bada bermatu, NBEaren disoluzioa izango litzatekeela azken aukera.

Errusia: "Butxakoa muntaia da"

Butxako ustezko gerra krimenek nazioarteko hedabideen atentzioa hartu eta berehala, Errusiak adierazi zuen muntaia dela, eta jarrera berarekin erantzun dute gaur Segurtasun Kontseiluan. Vasili Nebenziak, Errusiako ordezkariak, adierazi du Ukrainako eta mendebaldeko hedabideek Butxako ustezko sarraskien inguruan aurkeztu dituzten frogak koherentzia gabekoak direla, eta ondorengoa gehitu du: "Zuek ikusi nahi zenutena bakarrik erakutsi dizuete".

Mendebaldeko herrialdeei buruz, ondorengoa adierazi du Nebenziak: "Mendebaldeko herrialdeei ez zaie Ukraina inporta, Errusiarekiko borrokan duten beste peoi bat besterik ez da. Gatazka luzatzea bakarrik interesatzen zaie".

Butxako ustezko krimenak muntaia direla esateaz gain, adierazi du "Ukrainako neonaziek egindako hainbat krimenen inguruan" testigantzak emateko jende asko dutela: "Errusiako militarren inguruan gezur asko entzun ditugu gaur berriro ere. Ukrainako indarren basakeria demostratzen duten bideo eta argazki mordoa ditugu. Ukrainako neonaziek eta erradikalek zibilak giza-ezkutu gisa erabiltzen dituzte. Artilleria pisutsua gordetzen dute azpiegitura zibiletatik gertu".