argia.eus
INPRIMATU
Zein dira Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko sei kideak?
  • Sei lagun arduratu dira ETAren armagabetzea egiaztatzeaz. Hauek dira beren izenak eta curriculum laburrak.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 21a

Ram Manikkalingam (Sri Lanka)

Euskal Herriko Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko burua.  Dialogue Advisory Group nazioarteko bitartekari taldeko zuzendaria da eta Amsterdamgo Unibertsitateko irakaslea. Sri Lanka, Irak eta Ipar Irlandako bake prozesuetan parte hartu zuen.

Ronnie Kasrils (Hegoafrika)

Hegoafrikako apartheidaren aurkako borrokan aritu zen. ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko nazio mailako exekutibako kidea izan zen 16 urtez. Inteligentzia ministro, Defentsako ministro-ordea eta Ur eta Basoen ministroa izan zen.

Chris Maccabe (Britainia Handia)

1998an Ipar Irlandako Ostiral Santuko akordioen negoziaketan parte hartu zuen Erresuma Batuko Gobernuren Ipar Irlandarako bulegoaren zuzendari politiko gisa. Kosovo eta Tanzaniako bake prozesuetan aholkulari aritu zen.

Satish Nambiar (India)

Indiako indar armatuen Estatu Nagusiko buruzagi albokoa izan zen. Jugoslavia ohian aritu zen 1992-93an, NBEko indarren ordezkari gisa. Armadatik erretiroa hartu ostean Indiako United Service Institution-eko zuzendaria izan zen 12 urtez. Mehatxu, erronka eta aldaketarako NBEko idazkari nagusiaren taldeko kide izana da.

Fleur Ravensbergen (Herbehereak)

Dialogue Advisory Group-eko programa zuzendaria da. Aurrez Herbehereetako Garapenerako Kooperazio Ministerioan eta Alderdi Laboristan egin zuen lan.

Aracelly Santana (Ekuador)

NBEko idazkari nagusiaren ordezkari albokoa izan zen Nepalen; eta Arabiar Udaberriaren osteko Libiako trantsizio prozesuan NBEko idazkari nagusiaren aholkulari taldeko kidea. El Salvador, Guatemala, Nepal eta Libiako bake prozesuetan parte hartu zuen, NBEn emandako 20 urteetan.