"Zergatik irabazi dute eskuinak eta ultraeskuinak Frantzian? Hori ere garbi dago. Frantziar ezkerrak, europarra bezain zatitua, bide eman du azken urteetan egoera hori gerta dadin".
Frantziako Estatuko hauteskunde emaitzek irakurketa garbia dute. Bozen %66rekin eskuinak irabazi du, kapitalak eta finantzek. Ultraeskuinak, berriz, %34 lortu du eta aurrerantz doa langileen eta nekazal guneetako herritarren bozak irabaziz. Ezkerra, desagerturik dago. Eta langile klasea eta herri sektoreak dira kaltetuenak. Ipar Euskal Herrian eskuinak irabazi badu ere, nabarmentzekoa da ezkertiar eta abertzaleak etengabe ari direla gorantz egiten. Seguruenik zerikusiren bat izango du ETAren desarmatzeak eta haren alde lan egin duten “bakearen artisauen” konpromisoak.
Zergatik irabazi dute eskuinak eta ultraeskuinak Frantzian? Hori ere garbi dago. Frantziar ezkerrak, europarra bezain zatitua, bide eman du azken urteetan egoera hori gerta dadin. Macronen eskuinak zentrotik lortu ditu bozak, kapitalaren feudoa, eta Le Penen beldur diren zenbait ezkertiarren babesa ere lortu du. Le Pen harro azaldu da langile mundua “ordezkatzeagatik”, horretarako politika xenofobo eta insolidarioak defendatzen baditu ere.
Frantziako ezkerrak nagusiki sozialdemokrazian kokatzen du bere burua eta ezgauza izan da eskuinarengandik bereizteko arlo sozioekonomikoan. Bere politika “sozialdemokratek” kapitalaren ondorioak makillatzeko baino ez dute balio izan: langabezia, prekarietatea eta desberdintasuna. Zurztasun politiko horren aurrean, zeini emango diote ba botoa langile klaseak eta herri sektoreek? Bistan da ez dutela sozialdemokraten alde egin eta batzuek Le Penen diskurtso “salbatzaile”, xenofobo eta antieuroparrean bilatu dutela aterpe; beste asko ordea abstenitu egin dira. Hollande eta enparauen “sozialdemokraziak” amildegira jaurti ditu, eta modu horretan jarri ditu Eliseoan Macron bankaria eta oposizioan Le Pen.