2009tik hitzarmena izoztuta izan ondoren, berrogei bilera, 29 lanuzte, makina bat manifestazio eta hilabeteko greba deialdia beharrezkoak izan dira EAEko itunpeko hezkuntzan akordioa lortzeko.
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 9.000 irakasleri eta 107.000 ikasleri eragiten die gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxe pribatueta akordioak, eta Lan Harremanen Kontseiluan izandako bitartekaritzari esker lortu da.
Bi irakasgai nagusi atera daitezke. Zergatik igaro behar izan dira bederatzi urte hitzarmena eguneratzeko? Zergatik patronala –pribatua zein publikoa– soilik mugitzen da greba eta mobilizazioak iragartzen direnean? Lehen irakasgaia: langile eta sindikatuek greba deitzen dute patronalaren eta administrazioaren jarrera immobilista ikusita, hauek nahiago izaten baitute langileak ernegarazi eta amore emanarazi. Hala, azkenerako mugitu dira, baina greba mahai gainean jarri dietenean, ez egun bat edo bikoa, hilabetekoa baizik.
Bigarren irakasgaiak zerikusia du langileek euren eskubideak defendatzeko dituzten baliabideekin. Beste behin, itunpeko hezkuntzako gatazkan nola erresidentzietako grebetakoan, ikusten ari gara greba eta mobilizazio irmoak direla patronala eta administrazioak derrigortzen dituztenak akordioa sinatzera.
Itunpekoen kasuan lotsagarria izan da EAEko lehendakariari eta hezkuntza sailburuari entzutea akordioak lortu direla “gobernuak hauspotutako elkarrizketari esker”. Lan gatazka luze horretan politikariok beste aldera begiratu izan dute, grebak eta mobilizazioak kriminalizatzen zituzten erasoen aurrean. Hilabeteko greba deialdiak akuilatu ditu denak. Langileek euren aldarrikapenak alboratzea bilatzen dute, eta horregatik, patronalak eta administrazioak sortzen dituzte greba horiek.