argia.eus
INPRIMATU
Greba itunpeko ikastetxeetan
Zeinek bahitu ditu haurrak?
  • Ikusten ari gara lan-hitzarmenen negoziazio politikek bilatzen dutela langile klaseak amore ematea denboraren poderioz usteltzen direlako, hilabeteak eta urteak iraun baititzakete. Orain EAEko itunpeko ikastetxeen txanda da.

Juan Mari Arregi 2019ko urriaren 17a
(arg: Eitb)

Ez lanuzte, ez greba eta ezta manifestazioekin ere, ez dira mugitzen patronal pribatu zein publikoko arduradunak. Hortxe daukagu Bizkaia eta Gipuzkoako erresidentzietako emakume langileen kasua, baita Bizkaiko metalarena edo beste enpresa batzuena ere.

Orain EAEko itunpeko hezkuntzako irakasleen txanda da, eta ez bada erremediorik jartzen, hilabeteko beste greba egingo dute azaroaren 7an hasi eta abenduaren 5a arte. 100.000 ikasleri eta 9.000 langileri eragingo die deialdiak. Zenbait guraso elkartek eta Lakuako gobernuak alarma guztiak jo dituzte jadanik. Gatazka honen kaltetu bakarrak euren seme-alabak izango direla diote, “hezkuntza zentroei presio egiteko bahitu eta trukerako txanpon bezala erabiltzen” dituztelako.

Gurasoek ez lukete ahaztu behar azken bi ikasturtetan 27 greba egun egin direla, horietatik 24 joan den ikasturteko maiatzean, hamar urtez berritu gabe dagoen lan-hitzarmen baten alde. Hamar urte. Eta patronal pribatua eta Eusko Jaurlaritza ez dira mugitu ere egin hilabetetako negoziazio prozesuan akordio batera iristeko. Patronal hori eta Jaurlaritzaren Hezkuntza saila dira euren seme-alabak bahitu eta trukerako txanpon gisa dituztenak. Negoziazioa zimelarazi, langileek beren aldarrikapenak albo batera utz ditzaten… horrek ekarri du beste greba bat.

Jaurlaritzaren arabera deialdia desproportzionatua da. Baina benetan tokiz kanpo gobernua bera dago, oso injustua baita elkarrizketaren sustatzaile izan behar duena beti patronalarekin bat etortzea.