Etxeari lotutako jardueretan astebetez ematen dituzun orduak kalkulatu, atalez atal: sukaldaritza, erosketak, etxea garbitzea, arropa garbitzea eta plantxatzea, haurrak zaintzea eta leku batetik bestera eramatea, etxean pertsona helduak zaintzea…
Atalka ordu kopuru horrek izan behar lukeen ordainsari ekonomikoa eta guztira dagokizun soldata kalkulatuko dizu Dena Ez Dago Barne webguneak.
"Maitasunak ematen omen digu jaten, maitasuna dagoen unetik lan guztiak modu magikoan egiten omen dira, esfortzurik gabe. Maitasunean guztia sartzen al da?". Ezetz uste du May Serrano ekimenaren bultzatzaileak, eta horregatik, emakumeena izan ohi den isilpeko lan horri guztiari merkatuko balioa eman dio. "Izan ere, lan hori inork egingo ez balu, munduak ez luke aurrera egingo".
Lan erreproduktibo gisa izendatu ohi denari balioa eman eta ekonomikoki aitortzea da egitasmoaren helburua, egungo ekonomia ereduak lan produktiboaren eskematik kanpo uzten dituelako jarduera hauek eta ez direlako kontuan hartzen Barne Produktu Gordina kalkulatzerakoan.
Baina Kattalin Minerrek nabarmendu moduan, "ez ote da erreproduktiboa zena, benetan produktiboa? Hain zuzen, bizitza bera produzitu eta mantentzen duena?".