argia.eus
INPRIMATU
Zein litzateke bide juridikoa EAEk eta Nafarroak bat egiteko?
  • PPk eta PSOEk Nafarroako egoeraz duten kezkari buruzko artikulua argitaratu du Manuel Sanchezek ElDiario.es-en. Une honetako egoeraz gain, Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa elkartzeko bide juridikoaz hitz egin du hainbat politikarirekin.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko martxoaren 17a
Nafarroa eta EAE batzeko aukera Espainiako Konstituzioan sartuko litzateke.

PSNk Barcinaren kontrako zentsura mozioarekin egindako hordago ustela gorabehera, ezinegona eragin du Espainiako bi alderdi handien artean Nafarroan sute berri bat pizteko arriskuak.

Agerkari digitalak kontsultatutako politikariek esandakoetatik ondorioztatzen denez, bi alderdietako ordezkariak elkarri errua botatzen ari dira sortu den egoerarengatik, nahiz eta Kataluniako egoera kontuan izanda “lurralde gatazka” gehiago eragozteko jarreran bat datozen.

Hego Euskal Herria elkarturik?

Artikulua harago doa eta EAE Nafarroarekin elkartzeko aukerari buruz hitz egiten du. Espainiako Kongresuan Euskal Herritik hautatuko PSOEko ordezkari batek Sanchezi azaldu dionez, bi erkidegoek bat egitea erabakiko balute, ez legoke argudio askorik juridikoki kontra egiteko. Espainiako Konstituzioak laugarren xedapen iragankorrean biltzen du prozedura hori.

Gauzatu ahal izateko, erreferendum bat egingo litzateke Nafarroan EAErekin batzeko aukerari buruz. Sanchezek azaltzen duenez, erabat legezkoa litzateke horrelako zerbait martxan jartzea, Espainiako Konstituzioak Nafarroako herritarrei aukera hori eskaini baitzien.

EAEn egin beharreko urratsak ez daude hain argi. Gernikako Estatutuak Nafarroa aipatzen duenez,  artikuluan zalantza agertzen da ea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek erreferenduma egin beharko ote luketen lau herrialdeetako autonomia osatzeko.