argia.eus
INPRIMATU
Zein jarduera ekonomiko debekatu ditu Italiak eta zein Espainiak?
  • Martxoaren 23tik hasi eta hiru egun dituzte Italian Gobernuak hartutako neurri berriak betetzeko. Ezinbestekoa ez den jarduera ekonomiko oro etengo da. Herrialdearen ekonomiaren %35ak jarraituko du lanean. Sindikatuek uste dute jarduera are gehiago murriztu daitekeela. Eldiario.es egunkariak Italiako eta Espainiako Gobernuek hartutako neurrien ezaugarrik errepasatu eta alderatu ditu.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 24a
Gasteizko Mercedes lantegian lanean.

Espainian, jendaurreko jarduerekin zerikusia duten jardun ekonomikoak utzi dira bertan behera, batik bat zerbitzuen sektorea, salbu eta bankuak, janari dendak, kioskoak, gasolindegiak, telefono zerbitzuak, posta eta estankoak. Italian, metalurgiarekin zerikusia duten jarduera guztiak geldituko dira, auto alokairua eta eraikuntza ere bai (salbu eta azpiegiturei dagokiena).

Bai Espainian, bai Italian, ikastetxeak, unibertsitateak, parkeak eta jendea bil daitekeen jarduerak bertan behera geratu dira.

Italian, obrako langilerik ez da ikusiko, Espainian bai. Italiako Gobernuak kaleratzeak debekatu ditu martxoan eta apirilean. Hartutako neurrien artean, 10.000 milioi euroko laguntzak izango ditu lan merkatuak, langabezia, lana galtzen dutenentzako eta autonomoentzako diru-laguntzak. Beste 3.500 milioi euro erabiliko dira osasun sistema indartzeko. Martxoan, 600 euro ordainduko zaie autonomoei eta aldi baterako langileei.

Zer dago irekita Italian?

Espainian ere irekita dauden ondorengoak: oinarrizko saltokiak, abokatuen eta arkitektoen bulegoak; inpresiorako kate osoa, hasi paperetik eta liburu, aldizkari eta egunkarien salmentaraino, informazio eta komunikazio zerbitzuak; nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza; jakien eta edarien industria; petrolio ateraketa, gas naturala…

Italian, kalerako arropa egiten duten ehun fabrikak itxi dira, Espainian ez bezala. Espainian lantegi batzuk itxi behar izan dituzte arropa saltokiak itxita daudelako. Italian uniformeak eta lanerako janzkiak egiten dituzten lantokiak baino ez daude irekita.

Italian, lanean jarraitzen dute industria kimikoak eta farmazeutikoak, baita argindar, gas eta aire egokitu zerbitzuek ere. Estolderiaren kudeaketa eta hondakin zerbitzua ere ez dira gelditu. Industria aeroespaziala eta defentsa industria ere martxan daude.

Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur (martxoak 24) iragarri duenez, Espainian eskuragarri dagoen pizgarri sorta 200.000 milioi eurokoa da. Hau da, BPGaren ia %20 (1,3 bilioi euro). Aldakorra izan daiteke enpresei maileguen bermeak emateko, bereziki enpresa txikiei, horiek ere zerga-betebeharren gaineko moratoria lortu baitute; familientzako hipoteken ordainketa atzeratuak. 200.000 milioi horietatik, erdiak abalei dagozkie; eta 17.000 milioi, krisiari aurre egiteko diru-laguntzei. Inbertsio pribaturako beste 83.000 milioi ere egongo dira.

Italiako Gobernuak 25.000 milioi eurorainoko partida aktibatu du koronabirusaren eraginari aurre egiteko neurriak finantzatzeko, baina 350.000 milioi euro arteko laguntza baliabideak mugiarazteko ahalmena du. Hau da, BPGaren ia %20 (1,9 bilioi euro).