argia.eus
INPRIMATU
Zein izango da espainiar gatazkako Bosnia?
  • Héctor Lopez Bofill idazle eta irakasle kataluniarra okerrena pentsatzen jarri da El Punt Avui-ko zutabean. Espainiak Katalunia indarrez hartzeko aukeraz mintzatu da, espainiar estatua Balkanekin alderatuz. Pasarte deigarrienak ekarri ditugu hona:

Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 08a
2012ko Diadako irudia. Miloi eta erdi lagunek bete zituzten Bartzelonako kaleak (Argazkia: http://cdn.larepublica.pe) 2012ko Diadako irudia. Miloi eta erdi lagunek bete zituzten Bartzelonako kaleak (Argazkia: http://cdn.larepublica.pe)

“Hotzean aztertuz gero, autogobernua bortxaz hartzea da Kataluniaren independentzia ekiditeko espainiar estatuari geratzen zaion aukera bakarra. Zenbait sektoretako elite politiko katalanen traizioak ere (izan borondatez, diru truke, zein haien hegemonia mantentzeko Espainiaren menpeko bihurtu diren eta  frankismotik datozen egitura ekonomiko eta mediatikoen presiopean), ez luke herritarren gurari geldi ezina oztopatzerik izango”.

“Agian, aipatu astakeriak tarteko fase bat behar luke, esku-hartze arinago bat, aurrekontuei dagokiena, defizita bete ez denaren aitzakian. Baina, herritarren borondatearen eta inposatze erregimenaren arteko kontraesanak, indarkeria erabiltzera eramango du Espainia, historian hainbatetan gertatu diren hilketak errepikatzeko arriskuak kataluniako erdi-mailako klaseak kikilduko dituelakoan”.

“Eta nazioartea? Eta Europar Batasunak mende erdi honetan osatu duen bake eta segurtasun eremua? Okerrena pentsatzeak, haiek ‘biziraupen nazionala’ deitzen dutena jokoan badago, Espainiak makineria guztia martxan jarri dezakeela aurreikustera garamatza. Nazioarteko mobilizazioak abiatzerako, beranduegi litzateke”.

“Izan ere, ez gara soilik Kataluniaz ari. Aznarrek berak, orain salbatzaile gisa agertzeko bere ondorengoaren [Rajoyren] aurka lan ezkutuan ari denak, 2005ean Kataluniako Parlamentuak Estatutoaren erreforma proposamen bat onartu zuenean honakoa aurreratu zuen: ‘Espainiaren balkanizazioa’ hasi da.  Yugoslaviaren mamuak hartu du Iberiar Penintsula, bertako zati aberatsenetako baten independentziarekin, erdialdetik zuzendutako lapurretak gainontzeko lurralde errentagarrietan jarraituko baitu: Kontzertu ekonomikoa (euskaldunen independentzia nahia oztopatzen duen traba bakarra) erortzen ikusiko lukeen Euskal Herriak, eta gainontzeko Herrialde Katalanek, (Valentzia eta Balear Uharteak) espainiar erreinuan jarraituko lukete are makurrarazi eta estutuago”.

“Nola begiratzen den, Kataluniarekin lotutako pentsamendu negatiboa leundu liteke, Esloveniaren papera jokatu duela onartzen badugu: banaketa azkar eta eraginkor bat, hamar eguneko gatazka eta hildako gutxi batzuekin. Zorigaitza Espainiako gainontzeko zatietara zabalduko da, non Gaztela indargabe, txiro, ustel eta isolatuak bere gorroto guztiz astinduko dituen geratuko zaizkion indar apurrak. Zein izango da, beraz, espainiar gatazkako Bosnia? Gehiengo nazionalista duen zein lurraldek nozituko du min gehien? Nafarroak? Herrialde Valentziarrak?”.