Atzo Bilbon egin zuten prentsaurrekoan, Nazioarteko Harremanetarako Taldeak (NHT) jakitera eman zuen Sortu alderdia legalizatzeko eta konfiantza neurriak sortzeko lan egingo duela. Brian Currin hegoafrikarrak bultzatutako taldea ez duela hartuko erantzun zien Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak, "ez dutelako ezer berririk aportatzen". Baina zein izango dira aipatu taldeak aurrera eramango dituen lanak?
Sorturen legalizazioa
Alderdien Legean dioena kontutan hartuz, "Sorturen legalizazioa bultza, erraztu eta posible egiteko ahal duten guztia" egiteko prest agertu ziren.
Lege antiterrorista
Konfiantza neurriak sortzeari garrantzia eman zioten, eta hori egiteko moduetako bat lege antiterroristaren funtzionamendua berrikustea aipatu zuten. Baita, "tolerantzia politikoaren eta partehartze demokratikoaren kultura" bultzatzea.
Presoak
Beharrezko jo zuten "egoera politiko berri eta eraldatura kartzela politika egokitzea" bi aldeen arteko distentsio egoera lasaitzeko. Bereziki aipatu zuten presoak beren familietara hurbiltzea eta baita gaixo larrien askatasuna.
Elkarrizketa politikoa
Elkarrizketa politikorako agenda bat garatzeko alderdiak animatu eta gidatzeko prest agertu ziren, inongo bazterketarik gabe.
Blokeoa
Unean unean sor daitezkeen blokeo egoeren aurrean bitartekaritza lana egiteko prest leudekela azaldu zuten.