argia.eus
INPRIMATU
Zein dira laguntza sozialak? Kanpaina abiatu dute inor ez dadin “eskubide gabe gelditu”
  • Diru-iturririk gabe geratu da jende asko koronabirusaren krisiaren ondorioz. Berri Otxoak plataformak kanpaina abiatu du sare sozialetan, herritarrek eskura dituzten laguntza sozialen inguruan jakin dezaten: "Eskatu informazioa, eskubiderik gabe ez geratzeko".

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 24a

Hainbat laguntza sozial nola jaso azaltzeko informazio praktikoa eskaintzen du Berri Otxoak plataformak, hala nola Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, inklusio sozialerako laguntzak, pentsioentzako osagarriak... Bere esanetan "prestazio sozialek gure beharrizan oinarrizkoenak betetzeaz gain, askatasuna eman behar digute lan merkatuan borrokatzeko zabor-kontratu eta esplotazio ororen aurka".

Diru laguntza bakoitza lortzeko eman behar diren pauso guztiak azaldu ditu Berri Otxoak-ek, hizkuntza burokratikotik oso urrun, modu sinplean. Horrez gain, bideo bat ere editatu dute azalpenak emateko, eta gida praktiko bat paratu dute webgunean.

Video(1) from Berri otxoak on Vimeo.

Bestetik, gizarte-langileen aurrean elkarrizketak izateko aholkuak ere eman dituzte: "Jende asko gizarte-laguntzak orain eskatzen hasi da, baina inoiz ez ditu halako tramiteak egin, eta askotan udal gizarte-langileek oztopoak jartzen dizkiete", argitu dute.

Kolektiboak azaldu duenez, informazioa eskaintzeko martxan duen telefonoa "gaindituta" geratu da egunotan, baliabiderik gabe geratu diren familiek egindako dei guztien ondorioz.