Parte-hartzean oinarrituriko enpresen ekosistema sustatzeko Beterri Saretuz programak aurrera jarraitzen du Beterri-Buruntzaldea eskualdean eta ostegunean bigarren saioa egingo dute Hernanin.
Enpresetan parte-hartzea sustatzeko gakoak aztertuko dituzte Beterri Saretuz programako bigarren jardunaldian, ostegun honetan Iturola Elkarlan Sorgunean, goizeko 9:30ean hasita. Ekonomia eraldatzailearen oinarrietako bat da parte-hartzea, eta balio horretan oinarrituriko eskualdeko ekosistema aitzindari bat sortzea dute helburu. Ekosistema horretan, enpresek ez ezik, lanbide heziketek, garapen agentziek, ekintzaile sozialek eta administrazioak ere badute zeregina.
Azaroaren 7an antolatu zuten lehen jardunaldia Hernaniko Orona-Ideon. Beterri-Buruntzako enpresa eta erakundeetako berrogei lagun elkartu ziren, hainbat esperientziaren bueltan hausnartzeko. Hortik ateratako ondorioak kontrastatu eta enpresetan parte-hartzea sustatzeko gakoak izan daitezkeen arloak identifikatu ondoren, beste saio bat egingo dute otsailaren 13an Iturolan, tailer formatua izango duena.
Lan-mahaien bidez, gako horietan sakonduko dute, hala nola formazioa, bidelaguntza, ahalduntzea, finantzazioa, elkartasun balioak… Sektore bakoitzean zer egin dezaketen aztertuko dute, enpresen jabetzan, egituran eta lurraldean ere parte-hartze aberatsagoa izan dezaten langileek. Izena emateko epea oraindik zabalik dago.
Beterri Saretuz programa Gipuzkoako Aldundiak diruz lagundurik dago eta aurreikusten du gida bat sortzea, beharrean araberako formatua izango duena, eskualdeko eragile eta enpresek erabili ahal izateko. Horretarako, hirugarren eta azken saio bat egingo dute.
Lehenengo jarudnaldiaren bideoa: