Eusko Jaurlaritzak Kultura 2028 Plan Estrategikoa aurkeztu du, 80 orriko dokumentua da. Euskarazko sorkuntzaren aldeko interbentzio errealik kasik ez da jaso bertan. Dokumentuak berak aitortzen du: “Euskaraz sortzen duten idazleei beka eskaintzea da sorkuntza sustatzeko ekintza nabarmenetako bat”. Orain arteko estrategien aurrekontuarekin alderatuta, %15 jaitsiko da 2025era bitartean.
Mundializazioarekin –eta beraz, nazioartera zabaltzeko asmoarekin–, eraldaketa digitalarekin, klima larrialdiarekin, genero desberdintasunarekin eta kulturaren balio-sozioekonomikoekin lotu du Eusko Jaurlaritzak Kultura, testuinguru sozialaz eta kulturalaz gogoetarako lehen ideiak ematerakoan. Euskararekin lan egiten duten sortzaileak ez dira ageri ere egiten lehen gidalerro horietan. Sorkuntza eta talentua sustatzeaz hitz egiten denean bai, ageri da, nolabait ere euskarazkoa “gehiago bultzatu behar dela”, baina aparteko ekinbide errealik proposatu gabe. Hau da, dokumentuak azpimarratzen duena finean hori da, euskara “zeharkako konpromisoa” dela. Hauexek dira hiru ardatz nagusiak: sorkuntzarako aukerak zabaltzea; eskaintzaren oparotasuna eta aniztasuna bermatzea; eta kultur ondarea zaintzea eta transmititzea –azken horretan barnebiltzen dira Bilboko Arte Ederren Museoaren eraberritzea eta Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren oinarriak zehaztea–.
Ardatz horiez gain, badira bi konpromiso, zeharkakotzat jotzen direnak: emakume eta gizonen arteko berdintasunean eragitea –Euskal Artista Emakumeen Dokumentazio Zentroa sortuko dela dio–; eta euskararen normalizazioan eragitea.
53. orriak honakoa dio, zeharkako konpromisoak atalean euskarari dagokionean:
“Euskaldunen herrian euskarari arreta berezia zor zaio, bai sorkuntzan edo ekoizpenean, bai eskaintzan, bai memoriaren transmisioan. Euskadin kultura ezin da euskal kulturarik gabe ulertu, ezta euskal kultura testuinguru kultural guztia kontuan hartu gabe ere. Eusko Jaurlaritzaren kultura politiken muinean dago euskaraz sortzeko, kultura euskaraz bizitzeko eta euskaraz gogoratzeko aukerak bermatzea. Lan ildo guztietan sustatzen dira bereziki euskarazko kultura edukiak eta zerbitzuak”.
Merkatua eta euskara
Sorkuntza, eskaintza eta transmisioa dira hiru ardatzak, aurrez aipatu bezala. Euskarazko edukiak bigarren ardatz horretan sartzen dira –“kultura merkaturatzea eta plazaratzea uztartu egin behar da herritarrei noranahiko eta askotariko kultura eskaintza egiteko ardurarekin”–; alegia, iradoki nahi dena da euskarazko edukia eskainiko dela eskaintza “askotarikoa” izan dadin. Beraz, atzekoz aurrera dator prozesua, eskaini nahi delako sortuko da. Baina sortzaileen ardatzean, lehen ardatzean, aipamenik ez euskaraz lan egiten duten sortzaileei.
Iradoki nahi dena da euskarazko edukia eskainiko dela eskaintza "askotarikoa" izan dadin; beraz, atzekoz aurrera dator prozesua, eskainiko nahi delako sortuko baita
Finean, honela laburbiltzen da sorkuntzako ardatzaren printzipioa: “sorkuntzarako aukerak zabaltzea, sorkuntza bideratzeko inguruneak indartzea eta sorkuntzarako laguntza-bideak eskaintzea funtsezkoak ditu kultura bizia izan nahi duen herriak, eta bizirik iraun nahi duen herriak”. Eta jarraian, paragrafo eskas bi beranduago: “sorkuntza prozesuen emaitzak gauzatu edo ekoitzi egin behar dira, ezagutu, gozatu, komunikatu, partekatu, eros daitekeen obra bilaka daitezen. Zirkuitu eta merkatuetan lehiatu beharko dute kultura produktuek, diruaren, arretaren eta prestigioaren merkatuetan”.
Zirkuitu ekonomikoa du hizpide funtsezkoa behar lukeen aurreneko printzipioak, bistan da. Eta zirkuitu ekonomikoan, zein leku du euskarak? “Kanpo gaude eta kanpo nahi gaituzte”, kontatzen zigun Koldo Izagirre idazleak erreportaje honetan, Lanartea elkartearen Laineza. Kultura haragi bizitan liburuaz solasean.
“Euskadi, auzolana”
Euskararen Langile Profesionalen Elkartea da Lanartea, bokazio sindikalekoa –ARGIAn bildu zituen haien aldarrikapenak Peru Iparragirrek–. Eta haiek ziotena, puntu nimiño batean bederen, jaso da egoerari diagnostikoa egitean:
“Askok jardun sortzaileari denboraren zati bat eskaintzen diote, bestelako lanekin partekatu beharragatik; maiz jardun etena izaten dute; kontratu finkorik gabe lan egiten dute gehienek. Horrek zailtasun handiak dakartza kultura jarduna lanbide gisa identifikatzeko. Ondorioz, sortzaile horiei ez zaizkie aitortzen gainerako langile eta profesionalen eskubide sozial eta laboralak. Hori da, hain zuzen, hurrengo urteetan konpontzen saiatu beharko den auzia (...) Egokitzapen horiek araudietan egin ahal izateko, artisten eta sortzaileen erroldak eta jardun kulturaren inguruko datuak jasotzeko metodologia eta irizpide bateratuen beharra aldarrikatu dute, baita ere, nazioarteko erakundeok, zenbaitetan. Jardun sortzailea neurtzeko eta kultura sektorearen jarraipena datuen bidez egiteko zailtasunak orokorrak dira. Bai eta datu horien premia ere. Gure kasuan, Kulturaren Euskal Behatokia da eginkizun horretarako daukagun lanabes nagusia”.
Gazteak, jomugan
Kultur kontsumoari eta kontsumoaren bilakaerari erreparatuta egiten dira diskurtso aldaketak eta horrela zehazten dira konpromisoak, bistan da. “Lau euskaldunetik batek ez du inoiz ere irakurtzen, euskaldunen erdia ez da inoiz museoetara joaten, antzerkian gauza bera, liburutegien zerbitzurik ia %60k ez du erabiltzen... Hori da irabazten joan behar dugun eremua. Gero eta garrantzi handiagoko eginkizuna da kultura ikusgai egitea, ikusgarri eta erakargarri egitea, eta, bereziki, publiko berriak, eta batez ere gazteak, erakartzea”.
Hezkuntza sailak ardura zuzena izango du kulturaren kontsumoa gazteen artean sustatzeko
Hezkuntza sailak ardura zuzena izango du kulturaren kontsumoa sustatzerako orduan, bereziki irakurzaletasunean fokua jarrita. Hezkuntza ere digitalizatzen ari den garaiotan, sare digitaleko eLiburutegia plataforma gehiago erabiliko dela uler daiteke plan berrian, hain zuzen ere, Irakurzaletasunaren Plana diseinatuko dela aurreikusten da. Bestalde, “artearen sistema garatu” eta museoen jarduna sustatzeko ekintzak ere egingo direla adierazten da, beste plan baten bitartez.
Euskara mundu digitalean
Digitalizazioa aipatuta, datu esanguratsu bat ere eman du Kultura 2028 Planak. Pandemiaren aurretik, herritarren %10,4 ziren ikus entzunezkoak ikusi ahal izateko plataforma digitaletara sarbidea ordaintzen zutenak; gaur egun, %63,4 dira.
Plataforma digitaletan aski ezagun da euskarazko eskaintza urria dela; zer esanik ez euskaraz sorturiko edukiena. Bada, planak jasotzen du, jauzi digitala sustatzearen atalean, euskal kulturaren presentzia indartu behar dela ingurune digitalean. Hiru ekinbide proposatzen dira –ondoren sakontzen ez direnak–: “Eduki digitalen sorkuntza eta hedapena sustatuko da, euskarazkoei arreta berezia eskainiz”. Horrek, ezinbestean, bide ematen dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan sorturiko gaztelerazko edukia finantzatzeko, euskarazkoaren aldean.
Parez pare jartzen dira euskaraz sorturiko edukiak eta EAEko gaztelerazkoak
Horrez gain, argi adierazten da EiTB Media taldearen ekimena “erabakigarria” izango dela ikus entzunezkoen ekoizpena sustatzerako orduan. Baina hizkuntzatik harago, edukiari erreparatuta, Urtzi Urkizu kazetariak joan den astean argitaratu zuen Berria egunkarian EiTBk hainbat proiektu ez dituela finantzatzen eta beste batzuk baietz, beren ikuspegi politikoa Gogora institutuak ontzat jotzen bazuen edo ez.
Kultura sustatzeko ardura, hedabideena ere
Hitz testualak dira dokumentutik hartuta: “Euskararen eta euskal kulturaren iraupenerako funtsezkoa da komunitate horren sendotasuna areagotzea, euskal merkatu potentzialari arreta berezia ematea eta euskal kulturaren produktuak ikusgai egitea. Euskarazko kultura eskaintzan eta ohituretan eragin eta garrantzi berezia dute euskarazko hedabideek. Berria, ARGIA eta Jakin bezalako argitalpenak, edo tokiko izaera dutenak, besteak beste, euskarazko kulturzaletasunaren eta kultura kontsumoaren sustatzaile garrantzitsuak dira. Alde batetik, euskarazko kultura eskaintzaren zabalkunderako tresna estrategikoa dira, giltzarri baitira euskaraz kontsumitu nahi duen publikoak eskaintza horren berri izan dezan”.
Euskal erakundeek “beren beregi” laguntzen dituztela euskarazko hedabideak, dio dokumentuak ondoren.