argia.eus
INPRIMATU
Ze Esatek! taldeak egin du Ibilaldiaren abestia
  • Sustrai Colina bertsolariak idatzi du abestiaren hizkia eta Ze Esatek taldeak jarri dio doinua. Bideoklipean Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolako neska-mutilek hartu dute parte.

Uriola.eus @uriolaeus 2018ko martxoaren 13a

Sustrai Colina bertsolariaren eta Ze Esatek! taldearen arteko elkarlanak Ibilaldiaren abesti berria sortu du. Beraiekin batera, La Basu rap abeslari bilbotarrak eta Joane Larreak parte hartu dute abestian. Bideoklipa, berriz, Bihotz Gaztea ikastolak antolatu du Santurtziko kaleetan zehar eta, bertan, ikastolako ikasleak, gurasoak eta irakasleak agiri dira. Horrez gain, bideoklipean, herriarekin lotura estua duten elementu ugari agertzen dira: itsasoa, itsasadarra, aldapak...  Juantxu Beloki eta Jone Novo izan dira bideokliparen errealizadoreak.

Ibilaldia, maiatzaren 27an egingo da, Santurtzin, bertako Bihotz Gaztea ikastolak antolatuta. Taup! izango da erabiliko duten leloa jaian murgiltzeko eta horixe da, hain zuzen ere, abestiaren izenburua. Ze Esatek! taldea arduratu da abestia eta bideoklipa egiteaz. Talde horren ohiko erritmo biziekin euskalzaleak iIbilaldira erakartzea espero da.

Taup! leloa barruko sentimenduei begiratzeko deia dela azaldu dute Bihotz Gaztea ikastolako arduradunek. "Soinu horrek biziaren indarra ezin hobeto adierazten du", azpimarratu dute. Arrazoi beragaitik, 2018ko Ibilaldiaren ikur nagusia bihotza da. Santurtziren sinbolo den sardina ere agiri da logotipo horretan.

 

Albiste hau Uriola.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.