argia.eus
INPRIMATU
Zazpigarren eta azken eguna: ez frogarik, ez arrazoirik, ez ezer
  • Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko fiskalak hainbat kontu jakin esan ditu Egunkariaren kontrako epaiketaren azken egunean: ETAk Egunkaria kontrolatu nahi izateak ez duela deus esan nahi; ETAko buruzagi izandakoek ukatu badute erakunde horrek euskarazko kazetarekin inolako zer ikusirik zuenik, akusazioak oinarririk ez duela; Egunkariaren ildo editorialak ETAren jarduera babesten ez bazuen, ea zertarako balio zion kazetak erakundeari... Ebidentzia nabarmenak izan arren –defentsek epaiketan behin eta berriz salatuak–, fiskaltzak ondorioen txostenean horiek gogorarazi beharrak ez du Zuzenbide Estatuaren irudi onegirik ematen, "tautologia" horiek erabilita iritsi baita auzia iritsi den lekuraino.

2010ko otsailaren 02a

Izan ere, herri akusazioak –Dignidad y Justicia eta AVT– silogismoak erabili ditu auzi guztian, guardia zibilen txostenak bere eginez: ETAren helburua bada euskara bultzatzea eta Egunkariarena ere bai, orduan Egunkaria ETArena da eta ondorioz kazetako arduradunak ETAkoak dira. Iñaki Uriak honela azaldu zion astekari honi duela gutxi: “Komunikatuak argitaratzen bazituen ETAkoa zelako zen, eta ez bazituen argitaratzen disimulatu egin nahi zuelako... Hortik ezin duzu ihes egin”.

Atzo auzipetuek hitza azken aldiz hartu zuten eta garbi adierazi zuten errugabe direla, ez dutela ETArekin inolako zerikusirik inoiz izan eta beraien erru bakarra euskal kulturaren alde lan egitea izan dela. Joan Mari Torrealdaik honakoa esan zuen: “ETAtik haratago badago bizitza. Zorionez, dena ez da ETA”.

Hilabete eta erdiko epaiketaren ostean auzia epaiaren zain geratu da, baina oraindik soka luzea ekarriko du: errekurtsoak, kalte ordainak, auzi ekonomikoa... Bestalde, denborak esango du nola eragingo duen erabakiak datozen makrojuizioetan, Udalbiltzakoa hurrena.