argia.eus
INPRIMATU
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da
  • Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu. Inbestidura saioa bera gabe hasi da, Puigdemonten arrastoa galdu dute eta mossoak bere bila dabiltza.

ARGIA @argia 2024ko abuztuaren 08a

Zazpi urteren ondoren Carles Puigdemont Kataluniara iritsi da erbestetik, Salvador Illaren inbestiduran parte hartzera. Kataluniako Parlamentura joan aurretik, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan azaldu da milaka lagunek babestuta eta hitzaldi bat eman du jendaurrean. Puigdemontek Amnistiaren legea ez aplikatzea kritikatu du.

Hitzaldia amaitu eta Parlamentura joateko bidean presidente ohia desagertu egin da. Mossoek Bartzelonako irteerak itxi dituzte, bera bilatu eta atxilotzeko. Inbestidura saioa 10:00etan hasi da Puigdemont gabe.

Bien bitartean, Mossoak oldartu dira Bartzelonako Ciutadellako parkearen sarreran bilduta dauden herritarren aurka, gas negar-eragilea erabili dute.

President ohia atxilotzeko dispositibo zabala antolatu dute mossoek, hiriko irteera eta sarrera guztietan kontrolak jarrita. Horrek auto ilara handiak eragin ditu hirian. Eguerdirako indargabetu dute dispositiboa, Puigdemont atzeman gabe.

Hainbat komunikabidek zabaldu duenez, mosso bat atxilotu dute Puigdemonti ihes egiten laguntzeagatik.