argia.eus
INPRIMATU
Zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak Santisteban EAJko Alonsotegiko alkate ohiarentzat
  • Dirua bidegabe erabiltzea eta faltsukeria egotzi dizkio EAJko alkate ohiari. Bi milioi eurotik gorako diru-laguntzak jaso zituen bere legealdian, hainbat obra-agiri faltsututa.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 08a
Gabino Martinez de Arenaza (eskuinean) eta Aitor Santisteban (ezkerrean) ustelkeria egotzi dioten Alonsotegiko alkate ohiak (Argazkia: El Correo)

Zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du Bizkaiko Fiskaltzak Aitor Santisteban EAJko Alonsotegiko (Bizkaia) alkate ohiarentzat, El Diariok jakinarazi duenez. 2007tik 2011ra izan zen alkate Santisteban, eta behin baino gehiagotan dirua bidegabe erabiltzea eta agiriak faltsutzea egotzi diote. Hainbat obra-agiri faltsututa, bi milioi eurotik gorako diru-laguntzak jaso zituen alkate izan zen legealdian, Bizkaiko Foru Aldunditik zein Espainiako Estatutik.

Alkate ohiaz gain, hainbat enpresaburu eta aholkulari ere epaituko dituzte, salatutako irregulartasunekin zerikusia dutelakoan: Alberto Zulueta, Roberto Fernandez, Javier Bediaga, Eduardo Ibarra eta Saul Fonseca. Zazpina urteko kartzela zigorrak eskatu dituzte horientzat ere. Juan Torrontegui ere inplikatuta zegoen, baina ikerketa egiten ari ziren bitartean hil zen. 

Fiskaltzaren arabera, Santisteban, Alberto Zulueta arkitektoa (Arkideiak enpresako zuzendaria), Pabisa (gaur egungo Campezo) eta Laneder eraikuntza-enpresek "akordioa egin zuten eta legez kanpoko etekin ekonomikoa lortzeko, herrian hainbat obra egin izanaren itxura egin zuten". Fiskaltzak zehaztu duenez, honako obra hauek aprobetxatu zituzten espediente irregular horiek egiteko: uholdeen ondoren egindako Artiba bideko eta Basteita futbol zelaiko konponketak, futbol zelai horretako zerbitzu sozialen berrikuntza eta Loibe hiriguneko urbanizazioa. 

Hirugarren aldia

Ez da Alonsotegiko EAJ ustelkeria kasu batean inplikatua dagoen lehen aldia. 2011-2015 urteen artean, Jose Luis Erezuma alkate zela, antzeko bideak erabili zituzten diru-laguntzak lortzeko. Epaiketa egin aurretik hil zen alkate ohia, joan den urtarrilaren 28an. Gabino Martinez de Arenaza 1999-2007 urteen artean herri bereko alkate izandakoari ere ustelkeria egotzi zioten, Santistebanekin batera.