Espainiako Auzitegi Nazionalak zazpi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Raul Agulheiro galiziar militante independentistari, defentsak, fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak akordioa lortu eta gero. Fiskaltzaren hasierako zigor eskaria 29 urtekoa izan zen. 2014an Barallako Udaletxean lehergailu bat jartzeagatik auzipetu dute Agulheiro, besteak beste.
2014ko urritik dago preso Raul Agulheiro. Santiago de Compostelan atxilotu zuen Guardia Zibilak, egun batzuk lehenago Barallako Udaletxean lehergailu bat eztanda eginarazteaz akusatuta.
Barallako leherketak 200.000 euroko kalteak eragin zituen. Hori gertatu baino hilabete batzuk lehenago, bertako alkateak, PPko Manuel Gonzálezek, udalbatzan esan zuen frankismoan heriotza zigorrera kondenatutakoak “merezita” zigortu zituztela.
Azkenik, Agulheirori hiru zigor ezarri diote: Barallako erasoko kalteengatik urte eta erdikoa, eta hiruna urtekoa lehergailuak gordetzeagatik eta talde armatuko kide izategatik. Izan ere, Resistencia Galega ustezko taldeko kide izatea egotzi diote galiziar militanteari. Galiziar independentismoak ukatu egin du izen hori duen talde finko bat existitzen denik; azken urteetan Galizian eraso armatuak egin dituzten taldetxo independentistek erabilitako lelo bat besterik ez litzateke Resistencia Galega. Halere, eraso horiengatik atxilotu eta espetxeratutako guztiei leporatu izan zaie izen hori duen taldeko kide izatea.