argia.eus
INPRIMATU
Zazpi urteko espetxe zigorra indarkeria matxistan aditua den abokatu donostiar batentzat
  • Zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du Espainiako Auzitegi Gorenak ere Miguel Alonso Belza abokatuarentzat. Alonso indarkeria matxistan aditua da eta, besteak beste, Nagore Laffageren familiaren defentsa abokatua izan zen.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 02a

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Gipuzkoako Auzitegiak Miguel Alonso Belza abokatuaren aurka emandako epaia. Auzipetuari zazpi urteko espetxe zigorra eskatzen zaio, bikotekideari tratu txarrak emateagatik. Kondena hainbat delituk osatzen dute, lotura daukatenak lesioekin, bortxa arinarekin, eta tratu txarrekin. June Fernándezek kasua ahotan hartu zuen iazko uztailean ElDiario.es-en argitaratutako El maltrato politicamente correcto artikuluan, eta bertan adierazten zenez, Alonsok tratu txarrak eman zizkion bere bikotekideari hark harremana mozteko asmoa agertu ondotik: telefono bidez jazarri eta kontrolatu egin zuen, indarkeria fisikoa erabili zuen emakumearen kontra, eta urruntze agindua urratu zuen.

Alonso indarkeria matxistan aditua da, eta horregatik, Fernándezen artikuluan jasotzen denez, Gipuzkoako Auzitegiak emandako epaian epaileak zera azpimarratu zuen: akusatuak "zigor arloko gaitzespenik handiena" merezi zuela, "uneoro jakin zuelako bere jokabidea legez kanpokoa zela, gai horretan espezializatutako abokatua zen aldetik". Alonsok, indarkeria matxistaren alorrean abokatu aditu gisa, ezagutza eta aitortza profesionalak zituen. Besteren artean, indarkeria matxistaren inguruko ikastaroak ematen zizkion Ertzaintzari, indarkeria matxista kasuetarako txandako abokatua zen Gipuzkoan, eta Nagore Laffageren familiaren defentsa abokatua izan zen Diego Yllanes hiltzailearen aurkako epaiketan.

Alonso, bestetak beste, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko zein Kriminologiaren Euskal Institutuko kide zen, eta klaseak ematen zituen EHUn. 2017an bere kontrako salaketa ezagutzera eman zenetik, baztertua izan zen ordura arteko lan esparruetatik.

Kasua esanguratsua da agerian uzten baitu indarkeria matxistaren alorrean lan egiten duten gizonak ere egin dezaketela indarkeria horren erabilera. Hala ere, Fernándezek ñabartzen zuenez, “seguraski ohikoagoak dira indarkeria matxistan adituak diren aditu horiek indarkeria modu sibilinoagoan darabilten kasuan, zeintzuetan emakumeen eskubideen alde lan egiteak mesede egiten dien judiziala edo beste mota batekoa den prozedura baten aurrean”.