Urrian salatu zuten lehen aldiz, eta geroztik beste sei aldiz salatu dute. Epailearen esku utzi dute asteburuan. Iruñean indarkeria matxista jasan duten emakumeak artatzeko zentro bat irekiko dute azaroan.
20 urteko gizonezko bat atxilotu dute Iruñean ostiralean, zazpi sexu eraso egitea leporatuta. Urrian jarri zuten lehen aldiz bere aurkako salaketa Iruñeko Udaltzaingoan, eta geroztik beste sei salaketa ere aurkeztu dituzte, guztietan antzeko jokabideak deskribatuz. Biktimek diotenez, erasotzailea bizikletan ibiltzen zen, eta emakumeei hitz lizunak esan eta ukituak egiten zizkien. Epailearen esku utzi dute asteburuan.
Indarkeria matxistaren biktimentzat zentroa
Nafarroan indarkeria matxista jasan duten emakumeentzat zentro bat irekiko dute, 16 urtetik gorako biktimentzat. Nafarroako Gobernuak eta NABI Nafarroako Berdintasunerako Institutuak elkarlanean egindako proiektua da, eta urte osoan 24 orduz egongo da irekita.
Zentroa azaroan ireki asmo dute Iruñeko Arrosadia auzoan; unibertsitateetatik gertu, gazteengandik hurbil egoteko asmoz. Izan ere, indarkeria matxista salaketa gehien adin horretan izaten dira. NABIren urteko txostenaren arabera, 2021ean Poliziak jasotako salaketen %82 30 urtetik beherako emakumeek jarri zituzten.
Zerbitzua telematikoki edo presentzialki jasotzeko aukera egongo da. Indarkeria iraganean jasandakoek ere izango dute aukera bertara joateko, eta ez da beharrezkoa izango Polizian salaketa jartzea. Egoeraren arabera, hainbat zerbitzu eskainiko dituzte: informazioa eta orientazioa, arreta psikologikoa, aholkularitza juridikoa, eta behar ekonomiko eta sozialen kudeaketa, besteak beste.