Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak jakinarazi duenez gerturatze horiekin jadanik ez da izango euskal presorik Andaluziako espetxeetan. Sare Herritarra: "Une horretatik aurrera, fase berri bat hasten da"
Andon Murga, Jon Zubiaurre eta Liher Aretxabaleta euskal presoak Martutenera eta Zaballara ekarriko ditu Espainiako Gobernuak, eta bestalde, Andaluziako Puerto III espetxean zeuden lau euskal preso ere gerturatuko, behin lehen gradutik bigarrenera igarota. Zehazki, Jesus Mari Etxeberria Daniel Pastor, Iñaki Bilbao eta Oscar Barrera dira Mansilla, Topas, Zuera eta Logroñoko espetxetara eramango dituztenak.
Espainiako Barne ministerioak nabarmendu du "dispertsio politikarekin amaitu" duela mugimendu horiek eginda. Izan ere, Puerto III-koak mugituta, ez da euskal presorik geratzen Andaluzian.
Sare: "Ez da ezer amaitu"
Sare herritarraren esanetan "atzean utzi ditugu urrutien dauden espetxeak" eta "fase berri bat" hasten da. Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko dinamikak nabarmendu duenez orain arteko lekualdatzeek "senideek bizi duten zama arintzen dute".
Baina, hala ere, gogorarazi du ez dela "ezer amaitu", presoak "etxera itzultzeko" prozesua hasi baizik ez baita egin bere hitzetan: "Berau, batez ere graduen progresioaren bidez egingo da", azaldu du. Zentzu hori izango da hemendik aurrera Sareren helburu nagusietakoa, jakinarazi duenez.