Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian egin dituzte atxiloketak. Afrikatik iritsitako etorkinak Frantziako Estatura eramateko antolatutako sare bat zuten atxilotuek, Espainiako Barne Ministerioaren esanetan.
Zazpi pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak, Frantziako Jendarmeriarekin eta Europolekin batera egindako polizia operazioan. Guardia Zibilak adierazi du gehienbat Baionara eta Bordelera eramaten zituztela Afrikako iparraldetik eta mendebaldetik Iberiar Penintsulara heldutako pertsona migrante paper gabeak.
Atxilotuak “ondo antolatutako sarean” mugitzen ziren, hainbat taldetan, horietako batzuk Nafarroan eta Gipuzkoan, Espainiako Barne Ministerioaren esanetan beti ere. Muga zeharkatu nahi zuten etorkinak hautematen zituzten eta garraioa eta zaintza eskaintzen zizkieten, prezio bat ezarrita. Ikerketaren arabera, azken bi hilabeteetan 60 bat bidaia egin dituzte, bakoitzean hiruzpalau pertsona lekualdatzeko. Poliziak adierazi du mugikorrak, ordenagailuak eta dokumentazioa atzeman dituela Nafarroako Urtasun eta Irurita herrietako zenbait etxetan egindako miaketetan.