argia.eus
INPRIMATU
Zazpi migratzailek Atxondoko udaletxeko arkupetan egiten dute lo, aterpetxea itxi dietelako
  • Migratzaileei harrera egiteko prestatuta dagoen Atxondoko aterpetxea erabiltzea galarazi die Udalak, eta non lo egin ez dutela, joan den astetik Atxondoko udaletxeko aterpetxean pasatzen dute gaua zazpi lagunek. Udalaren utzikeria salatu dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urriaren 26a
Argazkia: Harrera Auzoak

Padic, Omar, Dame, Modu, Bouba, Souffiane eta Yassin aterperik gabe geratu dira Atxondon. Udalak dio aterpetxea egoera prekarioan dela eta osasungarritasun arazoak dituela, pertsona hauen segurtasuna bermatzeko itxi dutela. Aldiz, Atxondo Harrera Herria sareak dio bizitzeko moduan dagoela aterpetxea, duela gutxi ume sahararrak bertan izan zirela, eta prest daudela aterpetxea Harrerako kideen erantzukizupean erabiltzeko, “kalean egotea baino egoera duinagoa delako”. Udalak segurtasuna argudiatu duela-eta, “segurua ez dena da jendea kale gorrian izatea, harrerarako aukerarik gabe”.

Agintean EAJ duen udalak erantzun du Eusko Jaurlaritzarekin akordioa duela, migratzaileentzako beste leku bat bilatzeko. Bitarte horretarako, baina, ez du alternatibarik eman. Aterpetxea 2018an zabaldu zuten, migratzaileei harrera egiteko, eta garbi dute Harrerako kideek: espazio hori berriz irekitzea da soluzioa, “eta lortu arte jarraituko dugu protestan”. Hain justu, beldur dira Jaurlaritzarekin adostutako leku berri hori ez ote den Atxondotik kanpo egongo.

Gauzak argitu bitartean, presio ekintzatik ere baduen tokia okupatu dute zazpi migratzaileek: udaletxeko arkupetan egiten dute lo, literatan, eta Harrerako kideek txandak egiten dituzte laguntzeko. Are gehiago, herriko jendea dena ematen ari dela eta bizilagunak jana ekartzera gerturatzen direla nabarmendu dute. Agintariengandik, ordea, ez dutela bisitarik jaso salatu dute Harreratik, nola dauden galdetzeko ere ez direla hurbildu eta udaletxera sartzeko egunero ondotik igarotzen badira ere, begiratu ere ez dutela egiten. “Argi dago kalean utzi gaituzten horiek ez dakitela kalean lo egitea zer den”, adierazi du kaltetuetako batek, Anboto agerkarian.

20 eta 38 urte arteko zazpi lagunek harrera eskatua dute, hizkuntza eskolak jasotzen dituzte eta Durangoko helduentzako eskolan daude matrikulatuta, bertara joaten dira Atxondotik, eskola-graduatua lortzeko.