Hugo Chavez Venezuelako presidente ohiaren hileta gaur egingo da Caracasen. Azken egunotan bere gorpua bisitatzera joan den jendetzaren ostean, milaka lagun biltzea espero da gaur. Atzo, akademia militarraren ateetan, zazpi kilometroko ilara osatzera iritsi ziren hari bisita egitera joan zirenak. Nicolás Maduro orain arteko presidente-ohiak hiletaren ostean hartuko du presidente kargua.
Orain arte 22 estatu edo gobernuburuk eta 54 ordezkaritzetako goi kargudunek eman dute baiezkoa bertaratzeko, Berriak argitara eman duenez. Horien artean, ideologikoki muturrekoak diren ordezkariak ere badaude, Elias Jaua Venezuelako Atzerri Ministroak nabarmendu duenez: “Chavez denentzat izan da garrantzitsua”. Euskal Herritik, Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu Nagusia joango da Sorturen ordezkari bezala.
Presidente ohiaren gorpua bisitatzera joandako jende andana ikusita, Nicolás Maduro jarduneko presidenteak gorpua ikusteko aukera astebete luzatuko duela iragarri du. Horrela, “herritar guztiek ikusi ahal izango dute”, argitu du. Gorpua baltsamatu egingo dutela ere esan du.
Maduro, presidente berria
Asanblada Nazionaleko presidente Diosdado Cabellok iragarri du orain arte estatuko presidenteordea izandako Nicolás Maduro izango dela Venezuelako presidente berria. Hugo Chavezek hala agindu zuen arren eta, Cabelloren hitzetan, legeak dioen arren presidentea hil ostean kargua presidenteordeak hartu behar duela, oposizioak Maduro izendatzearen kontra egin du. Haien ustez, Asanblada Nazionaleko presidenteak izan beharko luke gobernuburu berria.
Cabello irmo azaldu da bere erabakian, ordea. “Saio berezi bat antolatuko dugu Madurok errepublikaren presidentetza onartzeko”, esan du. Hiletaren ostean hartuko du kargua.